13 Hirian sartu eta berehala aurkituko duzue, opari-otordurako muinora igo dadin baino lehen. Ez da inor jaten hasiko, bera heldu arte, berak bedeinkatu behar baititu opariak, gero gonbidatuek jateko. Igo zaitezte, bada, eta berehala aurkituko duzue.
14 Igo ziren, bada, hiriraino eta, hiriko atetik sartzearekin batera, Samuel agertu zitzaien, muinorantz zihoala.
15 Saul etorri aurreko egunean, jakinarazia zion Jaunak Samueli:
16 «Bihar ordu honetan, Benjamingo gizon bat bidaliko dizut. Horixe gantzutuko duzu, ene herri Israelen buruzagi izateko. Horrek salbatuko du nire herria filistearren menpetik. Ikusi dut, izan ere, ene herriaren atsekabea, eta heldu zait egin didaten oihua».
17 Samuelek Saul ikusi orduko, esan zion Jaunak: «Hona hemen aipatu nizun gizona. Hau izanen da nire herriaren agintaria».
18 Hurbildu zitzaion Saul Samueli hiriko atera, eta esan zion:—Otoi, esadazu non den ikuslearen etxea.
19 Samuelek erantzun zion Sauli:—Neu nauzu ikuslea. Igo nire aurretik muinora eta nirekin jango duzue gaur. Bihar goizean utziko dizut joaten, jakin nahi duzun guztia esan ondoren.