3 Aita Kixek, asteme batzuk galdu zitzaizkiolarik, esan zion Saul semeari:—Hartzak morroi bat eta hoa astemeen bila.
4 Efraimgo mendi eta Xalixako lurretan barrena ibili ziren, baina ez zituzten aurkitu. Arakatu zuten Xaalimgo lurraldea, baina astoak ez zeuden han. Begiratu zuten Jemin lurraldean, baina han ere ez zituzten aurkitu.
5 Tzuf-en lurretan zebiltzala, esan zion Saulek berarekin zihoan morroiari:—Itzul gaitezen; honezkero, astoez ahaztua eta gutaz kezkatua izanen da aita.
6 Morroiak erantzun zion:—Adizu! Bada hiri honetan Jainkoaren gizon ospetsu bat. Horrek dioen bezalaxe gertatu ohi dira gauzak. Goazen berorrengana, ea esaten digun nondik nora ibili.
7 Saulek, orduan, morroiari:—Goazen, bada. Baina zer emango diogu gizon horri? Ez dugu ogirik geure zorroetan, ezta esku-erakutsirik ere Jainkoaren gizon horri emateko. Ba al dugu ezer?
8 Morroiak erantzun zion Sauli:—Nik badut zilarrezko txanpon laurdena; horixe emanen diogu Jainkoaren gizonari, bidea erakuts diezagun.
9 (Antzina, Israelen, Jainkoari kontsulta egitera zihoanak honela esan ohi zuen: «Goazen ikusleagana». Izan ere, orain profeta deritzanari, lehen ikusle zeritzan).