7 Saulek, orduan, morroiari:—Goazen, bada. Baina zer emango diogu gizon horri? Ez dugu ogirik geure zorroetan, ezta esku-erakutsirik ere Jainkoaren gizon horri emateko. Ba al dugu ezer?
8 Morroiak erantzun zion Sauli:—Nik badut zilarrezko txanpon laurdena; horixe emanen diogu Jainkoaren gizonari, bidea erakuts diezagun.
9 (Antzina, Israelen, Jainkoari kontsulta egitera zihoanak honela esan ohi zuen: «Goazen ikusleagana». Izan ere, orain profeta deritzanari, lehen ikusle zeritzan).
10 Saulek esan zion morroiari:— Ederki esana. Goazen, bada!Eta Jainkoaren gizona bizi zen hirira jo zuten.
11 Hirirantz aldapan gora zihoazela, hara non ikusten dituzten ur bila irten ziren neska batzuk. Honela galdegin zieten:—Hemen al da ikuslea?
12 Neskek erantzun zieten:—Bai, hemen da. Hortxe aurrean duzue. Zabiltzate, beraz, bizkor; muinoan herriaren alde oparia eskaini behar duelako etorri da gaur hirira.
13 Hirian sartu eta berehala aurkituko duzue, opari-otordurako muinora igo dadin baino lehen. Ez da inor jaten hasiko, bera heldu arte, berak bedeinkatu behar baititu opariak, gero gonbidatuek jateko. Igo zaitezte, bada, eta berehala aurkituko duzue.