1 Emakume zuhurrak eraiki egiten du etxea,zentzugabeak bere eskuez desegin.
2 Jokabide zuzenekoak begirune dio Jainkoari,bide okerretik dabilenak mespretxatu egiten du.
3 Zentzugabeari harrokeria dario ahotik,zuhurra bere hitzek babesten dute.
4 Idirik ezean, askak hutsik;beharrezkoa idiaren indarra uzta oparoa izateko.
5 Lekuko egiazaleak gezurrik ez,lekuko faltsuak gezurra barra-barra.
6 Harroputzak zuhurtziaren bila ibili eta aurkitzen ez;buruargiak erraz bereganatzen du jakintza.
7 Urrun zaitez burugabeagandik,ez duzu haren hitzetan jakintzarik aurkituko.
8 Ongi pentsatuta jokatzea zuhurraren trebezia da;burugabekeriak zentzugabea engainatu egiten du.
9 Zentzugabeek barre egiten beren erruei;Jaunaren onespena zuzenen artean dago.
10 Norberak du bere saminaren berri,kanpokoek ezin parte hartu haren alaitasunean.
11 Gaiztoen etxeak behea joko du, zintzoenak gora egingo.
12 Badira zuzen itxurako jokabideak,baina azken finean heriotzarantz daramate.
13 Barre artean ere izaten da bihotza triste,eta alaitasuna atsekabean amaitzen.
14 Bihotz okerrekoak bere jokabidearen fruituak jasoko,bihotz zuzenekoak bere egintzenak.
15 Esaten den guztia sinesten du heldugabeak,nondik ibiliko aztertzen zentzudunak.
16 Zuhurra gaizkiaren beldur da eta ihes egiten dio,zentzugabeak aurrera egiten ziurtasun osoz.
17 Odol-beroak txorakeriak egiten ditu,azpikerietan dabilena higuingarri bihurtzen.
18 Heldugabeei dagokie zentzugabekeria,jakintza zuhurren koroa da.
19 Txarrek onen aurrean makurtuko dute burua,gaiztoek jokabide zintzokoen ataurrean erregutuko.
20 Behartsua bere lagunarentzat ere higuingarri;aberatsaren adiskideak, ordea, ugari.
21 Lagun hurkoa gutxiesten duenak bekatu egiten du;zorionekoa dohakabeez errukitzen dena!
22 Desbideraturik dabiltza gaizkileak;onginahia eta leialtasuna ongileentzat.
23 Nekeak beti du bere irabazia,berritsukeriak pobrezia bakarrik.
24 Aberastasunak zuhurren koroa,zentzugabeen ergelkeria beti ergelkeria.
25 Lekuko egiazaleak biziak salbatzen ditu,iruzurtiak gezurra barra-barra.
26 Jauna errespetatzeak konfiantza osoa sortzen du,eta ondorengoak ere horretan babestuko dira.
27 Bizi-iturri da Jaunarenganako begirunea,herioaren sareetatik ihes egiteko.
28 Herri jendetsua erregearen ohore,jende gutxiko herria printzearen hondamendi.
29 Eroapen handikoak zentzu ona ugari,haserrekorrak zentzugabekeria nabari.
30 Bihotz lasaia gorputzaren bizia,bekaizkeria minbiziaren parekoa.
31 Jende xehea zapaltzen duenak irain egiten dio Egileari,behartsuaz errukitzen denak ohore ematen.
32 Gaiztoak bere gaiztakerian egiten du estropezu,zintzoak bere prestutasunean du konfiantza.
33 Buruargiengan bizi da zuhurtzia,baina zentzugabeen artean ez da aintzat hartua.
34 Zuzentasunak goretsi egiten du herria,bekatua nazioen lotsagarri da.
35 Zerbitzari trebeak erregearen onespena du,duin ez denak haren haserrea.