Esaera Zaharrak 15 EABD

1 Erantzun goxoak haserrea baretzen,hitz mingarriak amorrua areagotzen.

2 Zuhurraren hitzek jakintza atsegingarriago bihurtzen dute;zentzugabeen esanetan ergelkeria bor-bor.

3 Edonon daude Jaunaren begiak gaiztoei eta onei begira.

4 Mihi eztia bizia ematen duen arbola da,mingain gaiztoak barne-barnean egiten du min.

5 Zentzugabeak aitaren heziketa gaitzesten du;zentzarazpena onartzen duena zentzudun bihurtzen da.

6 Zintzoaren etxean ugaritasuna,gaiztoaren irabazia kezka-sortzaile.

7 Zuhurren ezpainek jakintza barreiatzen dute;ez horrela zentzugabeen buruak.

8 Jaunak higuin du gaiztoaren sakrifizioa,atsegin du gizon zuzenen otoitza.

9 Jaunak higuin du jokabide gaiztoa,zuzentasun bila dabilena du maite.

10 Bidetik okertzen dena gogor zentzaraziko dute;zentzarazpena gorrotatzen duena hil egingo da.

11 Jaunak bistan baditu Hildakoen Egoitza eta Hondamen Leizea,are gehiago gizakien bihotzak!

12 Harroputzak ez du maite bere zentzarazlea,ezta zuhurrekin elkartzea ere.

13 Bihotza pozik, aurpegia argi; bihotza triste, begitartea ilun.

14 Buruargia jakintzaren bila ibiltzen da,burugabea zentzugabekeriaz elikatzen.

15 Zoritxarrekoarentzat egun guztiak txarrak,zoriontsuarentzat etengabeko festa.

16 Hobe gutxi eduki eta Jaunarenganako begirunean bizi,altxor handia eduki eta izu-ikaraz bizi baino.

17 Hobe barazkiak maitasunarekin,txahalki gozoa gorrotoarekin baino.

18 Gizon suminkorrak liskarra piztu,eroapen handikoak haserreak baretu.

19 Alferren bidea laharrez josia,pertsona zuzenena bide zabala.

20 Seme zuhurrak aitari poz ematen,seme zentzugabeak ama mespretxatzen.

21 Zentzugabekeria burugabearen poza,zentzuduna bide zuzenetik doa.

22 Plangintzarik gabe egitasmoek porrot,askoren aholkuez arrakasta.

23 Bai pozgarria erantzuten jakitea!Bai ona hitz egokia bere garaian!

24 Bizirako bidean gora doa zuhurra,Herio Leizera jaistetik urruti.

25 Harroaren etxea desegiten du Jaunak,baina alarguntsaren mugarriei sendo eusten.

26 Egitasmo txarrak higuin ditu Jaunak, hitz atseginak gogoko.

27 Diruzaleak bere etxea hondatzen du,eroskeria gorroto duena luzaro biziko da.

28 Zintzoak, ongi pentsatu eta gero erantzun;gaiztoak, gaiztakeria botatzen ahotik.

29 Jauna urruti dago gaiztoengandik,baina entzuten du zintzoen otoitza.

30 Begirada argiak bihotzondoa alaitzen,albiste pozgarriek indarra berritzen.

31 Zentzarazpen osasungarria gogoan hartzen duenakjakintsuen artean izango du bere tokia.

32 Heziketa nahi ez duenak bere burua mespretxatzen du,zentzarazpena gogoan hartzen duenak zentzu ona bereganatzen.

33 Jauna errespetatzea da zuhurtziaren ikasbidea;apaltasuna lehenengo, ohorea gero.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31