Esaera Zaharrak 21 EABD

1 Erregearen bihotza ubidea da Jaunaren eskuetan:nahi duen alderantz zuzentzen du.

2 Gizakiak zuzen deritze bere jokabide guztiei,baina Jaunak ditu kontzientziak aztertzen.

3 Nahiago Jaunak gizakiak justiziaz eta zuzenbidez jokatzea,sakrifizioak eskaintzea baino.

4 Begirada harroa, handinahiko gogoa,gaiztoen argia: dena da bekatu.

5 Saiatuaren egitasmoak irabazia,zalapartaka dabilenarenak pobrezia.

6 Gezurrez altxorrak eskuratzeaheriotzarantz daraman amets hutsala da.

7 Indarkeriak menderatzen ditu gaiztoak,ez baitute zuzenbidez jokatu nahi.

8 Bihurria da gaizkilearen jokabidea,zuzena bihotz garbikoaren portaera.

9 Hobe sabaian bizi, baztertxo batean,emakume liskartiarekin etxe berean baino.

10 Gaiztoak ez du gaizkia baino irrikatzen,lagun hurkoak ez dio errukirik sortzen.

11 Harroputza zigortzean, zuhur bihurtzen da heldugabea,eta zuhurrari dagokion heziketaz lortzen du jakintza.

12 Jainko zuzena begira dago gaiztoen etxekoei:hondamendira botatzen ditu gaiztoak.

13 Behartsuaren deiadarrei ez entzunarena egiten dienari,ez diote berari ere entzungo, laguntza eske dei egitean.

14 Ezkutuko opariak sumina baretzen du,isilkako erregaluak haserrerik biziena.

15 Zuzenbidea betetzean, zintzoa poztu;gaizkilea, ordea, izu-ikaratu.

16 Zentzuzko jokabidetik okertzen denakhildakoen artean amaituko du.

17 Atseginetara emanak behartsu bukatuko,ardozalea eta lurrinzalea ez da aberastuko.

18 Zintzoa eta zuzena salbatuak,gaiztoa eta maltzurra haien ordez gaitzetsiak.

19 Hobe basamortuan biziemakume liskarti eta petralarekin baino.

20 Altxor bikain eta oparoa zuhurraren etxean;zentzugabeak dena eralgitzen du.

21 Zuzen eta zintzo izaten saiatzen denaluzaro eta ohorez betea biziko da.

22 Ongi babestutako hiriari erasoeta honen babesgarri den gotorlekua eraitsiko zuhurrak.

23 Bere hitzak zaintzen dakiena ez da larrialditan aurkituko.

24 Harroputz eta handiustekoari esaten zaio «lotsabako»,harrokeria handiegiz jokatzen baitu.

25 Nahikundeek hilarazten dute alferra,haren eskuak ez baitaude lanerako prest.

26 Batzuk egun osoan irrikaz bila,zintzoak ezer gorde gabe eman.

27 Gaiztoen sakrifizioak higuingarriak dira,are gehiago asmo txarrez eskainiak badira.

28 Lekuko faltsua galdu egingo da;entzuten dakiena ez da hitzik gabe geldituko.

29 Gaiztoa ausarti agertzen da;zintzoak bere jokabidea sendotzen du.

30 Jaunaren laguntzarik gabe, ezertarako ez dirazuhurtzia, zentzu ona eta aholkua.

31 Zaldia gudurako gizakiak prestatzen,garaipena Jaunak ematen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31