2 Asiriako erregeak ordezkari nagusia bidali zuen Lakixtik, gudaroste handi batekin, Jerusalemera Ezekias erregearen aurka. Goiko urtegirako ubide ondoan gelditu zen, oihal-garbitzailearen sororako bidean.
3 Hilkiasen seme Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta Asafen seme Joah, erregearen bozeramailea, atera ziren harengana.
4 Asiriar ordezkari nagusiak esan zien:—Eramaiozue Ezekias erregeari errege handiaren, Asiriako erregearen, mezu hau: «Zer dela-eta zaude hain ziur?
5 Uste al duzu hitz hutsek gerrako planak eta ausardiak bezainbat balio dutela? Norengan duzu zeure ustea, nire kontra jaikitzeko?
6 Egiptorengan? Hara, kanabera printzatua bezala da Egipto: euskarritzat hartzen duenari eskua zulatzen dio alderik alde. Horrelakoxea da Egiptoko errege faraoia, ustea berarengan duten guztientzat.
7 “Jaunarengan, geure Jainkoarengan, dugu ustea”, erantzungo didazu. Baina ez al ditu, bada, Jainko horren muinoetako kultu-leku eta aldareak kendu Ezekiasek, Juda eta Jerusalemgo jendeari Jauna Jerusalemgo aldarean bakarrik gurtzeko aginduz?
8 Ea, bada, egiozu desafio nire jaunari, Asiriako erregeari: bi mila zaldi emango dizkizut, beste hainbeste zaldun aurkitzeko gauza bazara.