4 Biziki ikaratu ziren Izreelgo haiek eta esan zuten:—Bi erregeek ezin izan diote horri aurre egin; nola egin diezaiokegu guk?
5 Orduan, jauregiko arduradunak, hiriko buruzagiak, arduradunek eta hezitzaileek erantzun hau bidali zioten Jehuri: «Zeure zerbitzari gaituzu eta zuk esana eginen dugu. Ez dugu inor ere errege izendatuko. Egizu egokien iruditzen zaizuna».
6 Jehuk beste gutun bat igorri zien, esanez: «Nirekin baldin bazaudete eta nire esana betetzeko prest, har itzazue zeuen nagusiaren ondorengoen buruak eta zatozkidate bihar ordu honetan Izreelera».Akaben hirurogeita hamar ondorengoak hiriko handikiekin bizi ziren, hauek baitzituzten hezitzaile.
7 Gutuna jasotzean, erregearen hirurogeita hamar ondorengoei lepoa moztu zieten eta buruak, saskitan harturik, Izreelera bidali zizkioten Jehuri.
8 Mezulari batek esan zion Jehuri:—Erregearen ondorengoen buruak ekarri dituzte.Jehuk agindu zuen:—Ezarri bi multzotan hiriko sarreran, bihar goiza arte.
9 Goizean atera zen Jehu kanpora eta, zutik, esan zion jendeari:—Zuek errugabe zarete. Ni ibili nintzen azpilanean Israelgo errege Joramen aurka, eta nik hil nuen. Baina nork hil ditu hauek guztiak?
10 Ohar zaitezte, beraz, ez dela bete gabe gelditu Jaunak Akaben senitartearen kontra esaniko hitz bat ere. Bete du Jaunak bere zerbitzari Eliasen bitartez esana zuena.