2 Erregeak 8 EAB

Xunemgo emakumearen istorioa bukatu

1 Egun batez, esan zion Eliseok semea biziarazi zion emakumeari:—Alde egizu hemendik zeure etxekoekin eta zoaz ahal duzun tokira, zazpi urteko gosetea bidaliko baitu Jaunak lurralde honetara.

2 Jainkoaren gizonak esan bezala egin zuen emakumeak, eta zazpi urtez filistearren lurraldean bizi izan zen, atzerritar gisa.

3 Zazpi urteren buruan, itzuli zen emakumea filistearren lurraldetik eta erregeagana jo zuen, bere etxea eta alorra itzultzeko eskatuz.

4 Une hartantxe ari zen hizketan erregea Gehazirekin, Jainkoaren gizonaren morroiarekin, Eliseok eginiko gauza harrigarri guztiei buruz.

5 Eliseok hildako bat piztu zuela Gehazi kontatzen ari zenean, han agertu zen Eliseok semea bizirik itzuli zion emakume huraxe, bere etxea eta alorra berriro emateko erregeari eskatzera. Gehazik esan zuen:—Ene errege jauna, hauexek dituzu aipatzen ari nintzaizun emakumea eta Eliseok biziarazi zion semea.

6 Erregeak galderak egin zizkion emakumeari eta honek bere arazoa adierazi zion. Erregeak funtzionario bat izendatu zion, hau aginduz:—Itzul diezaiotela emakume honi hemendik joatean berea zuen guztia, baita alorrak geroztik eman duen guztia ere.

Hazael, Siriako errege

7 Behinola, Eliseo Damaskora joan zen. Siriako errege Ben-Hadad gaixo zegoen. Jainkoaren gizona etorria zela jakinarazi ziotenean,

8 hau agindu zion erregeak Hazael zeritzan bati:—Hartzazu esku-erakutsiren bat eta zoaz Jainkoaren gizonaren bila. Eta horren bitartez egin kontsulta Jaunari ea bizirik aterako naizen gaixoaldi honetatik.

9 Damaskoko gauza hoberenetarik erregaluak —berrogei gameluk eraman zezaketen zama— harturik, Eliseoren bila atera zen Hazael. Profetaren aitzinera agertuz, esan zion:—Siriako errege Ben-Hadad zure zerbitzariak bidali nau zuregana, gaixoalditik bizirik aterako den galdetzera.

10 Eliseok erantzun:—Joan eta esan baietz, sendatuko dela; egiaz, ordea, hil egingo dela jakinarazi dit Jaunak.

11 Bat-batean, Eliseo aurpegia gogor eta begirada zorrotz zituela gelditu zen luzaro; gero, negarrari eman zion Jainkoaren gizonak.

12 Hazaelek galdetu zion:—Zergatik ari zara negarrez, ene jauna?Eliseok erantzun:—Badakidalako nolako kaltea eginen diezun israeldarrei: su emango diezu haien gotorlekuei, ezpataz hilko dituzu haien gazteak, harrien kontra botako haien haurtxoak, sabela irekiko diezu hango emakume haurdunei.

13 Hazaelek ihardetsi zuen:—Ni ez naiz inor halakoak egiteko.Eliseok, orduan:—Siriako errege izanen zarela agertu dit Jaunak.

14 Hazael Eliseogandik alde egin eta bere jaunarengana joan zen. Erregeak galdetu zion:—Zer esan dizu Eliseok?Hazaelek erantzun:—Baietz, sendatuko zarela.

15 Biharamunean, ordea, ohazal bat hartu, uretan busti eta aurpegian ezarri zion erregeari Hazaelek. Erregea hil egin zen, eta ondorengo erregea Hazael izan zen.

Joram, Judako errege

16 Akaben seme eta Israelgo errege Joramen erregealdiko bosgarren urtean, Judako errege Josafaten semea, Joram izenekoa hura ere, errege gertatu zen.

17 Hogeita hamabi urte zituen errege izaten hastean, eta zortzi urtez izan zen errege Jerusalemen.

18 Israelgo beste erregeen jokaera bera izan zuen, Akaben senitartekoenen antzekoa, bere emaztea Akaben alaba baitzuen. Beraz, Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen.

19 Hala ere, Jaunak ez zuen Juda hondatu nahi izan, David bere zerbitzariagatik; hitzemana baitzion Davidi beronen ondorengoak izanen zirela beti errege Jerusalemen.

20 Joramen erregealdian Judaren agintearen aurka jaiki ziren edomdarrak, berentzat erregea izendatuz.

21 Joramek Tzairrera jo zuen bere guda-gurdi guztiekin. Gauez jaiki eta setiatzen ari zitzaizkion edomdarrak eta hauen guda-gurdietan zeuden buruzagiak garaitu zituen arren, Judako gudariek ihes egin zuten nork bere etxolara.

22 Honela, edomdarrak Judaren agintepetik libratu egin ziren gaur arte. Libna hiria ere aldi hartan bertan libratu zen.

23 Joramen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

24 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Joram, bere arbasoen ondoan. Ondorengo erregea haren seme Akazias izan zen.

Akazias, Judako errege

25 Israelgo Akaben seme Joramen erregealdiko hamabigarren urtean hasi zen Judako errege Joramen seme Akazias errege izaten.

26 Hogeita hamabi urte zituen Akaziasek errege izaten hastean eta urtebetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Atalia zuen izena eta Israelgo errege Omriren alaba zen.

27 Akaben senitartekoen jokabide bera hartu zuen Akaziasek, Jaunari atsegin ez zaiona eginez, Akaben senitartekoen antzera, haien ahaide baitzen, izan ere.

28 Galaadeko Ramot hirian Siriako errege Hazaelen kontra borrokatzera joan zen, Akaben seme Joramekin bat eginik. Baina siriarrek zauritu egin zuten Joram,

29 eta hau, atzera eginez, Izreelera joan zen, Hazaelen kontrako borrokan siriarrek Raman egin zizkioten zauriak sendatzera. Joramen seme eta Judako errege Akazias, Akaben seme Joram ikustatzera joan zen Izreelera, zauritua baitzegoen hau.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25