1 Israelgo Jeroboamen erregealdiko hogeita zazpigarren urtean hasi zen errege izaten Amatziasen seme Azarias.
2 Hamasei urte zituen errege izaten hastean, eta berrogeita hamabi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jekolias zuen izena eta Jerusalemgoa zen.
3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, beraren aita Amatziasek bezalaxe.
4 Hala ere, ez ziren muinoetako kultu-lekuak desagertu; jendeak kultu-leku haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen.
5 Jaunak gaixotasun larria eman zion Azariasi: legena. Hil arte egon zen legendun. Horregatik, etxe berezi batean bizi behar izan zuen. Bitartean, beraren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herria.
6 Azariasen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
7 Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Azarias, Daviden Hirian. Ondorengo erregea haren seme Jotam izan zen.
8 Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemezortzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Jeroboamen seme Zakarias; sei hilabetez izan zen errege.
9 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, beraren arbasoek egina zuten bezala, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.
10 Xalum zeritzan batek, Jabexen semeak, azpilana egin eta herriaren aurrean hil zuen Zakarias, eta bera jarri zen errege.
11 Zakariasen gainerako jarduerak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
12 Honela bete zen Jaunak Jehuri esaniko hura: «Hara, zure ondorengoak jarriko dira, laugarren belaunaldiraino, Israelgo errege-aulkian». Eta halaxe izan zen.
13 Judako Uziasen hogeita hemeretzigarren urtean gertatu zen Jabexen seme Xalum Israelgo errege; hilabete batez izan zen errege Samarian.
14 Izan ere, Gadiren seme Menahem Tirtzatik igo eta Samarian sartu zen. Samarian, Jabexen seme Xalum hilarazi ondoren, bera jarri zen errege, haren ordez.
15 Xalumen gainerako jarduerak eta egin zuen azpilana «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
16 Ondoren, Menahemek Tifsah hiriari eraso zion, han ziren guztiak eta lurralde osoa, Tirtzatik hasirik, triskatuz, hiriko ateak ireki ez zizkiotelako, eta emakume haurdun guztiei sabela ireki zien.
17 Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemeretzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Menahem, Gadiren semea; hamar urtez izan zen errege.
18 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere bizitza osoan ez zen aldendu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik.
19 Asiriako errege Pul Israelgo lurraldean sartu zen; baina Menahemek hogeita bost mila kilo zilar eman zizkion Puli, erregetza bere eskuetan sendotzen lagun ziezaion.
20 Asiriako erregearentzat zilar-kopuru hori bildu ahal izateko, Israelgo aberats guztiei zilarrezko berrogeita hamarna txanpon emanarazi zien, zergatzat. Asiriako erregea, Israelen gelditu gabe, bere erreinura itzuli zen.
21 Menahemen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
22 Hil zenean, haren seme Pekahias izan zen errege, beraren ordez.
23 Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekahias, Menahemen semea; bi urtez izan zen errege.
24 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; ez zen aldendu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik.
25 Erregearen ezkutari zen Pekahek, Ramaliasen semeak, azpilana egin zuen Pekahiasen kontra eta, berrogeita hamar gizon galaadtar harturik, hil egin zuen erregea Samarian, jauregiko dorrean, Argob eta Arie-rekin batera. Pekahias hiltzean, Pekah izan zen errege.
26 Pekahiasen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
27 Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekah, Ramaliasen semea; hogei urtez izan zen errege.
28 Jaunaren begietan oker dena egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.
29 Israelgo errege Pekahen garaian, Asiriako errege Tiglat-Pileserrek honako hiri eta eskualde hauek hartu zituen: Iion, Abel-Bet-Maaka, Janoah, Kedex eta Hatzor hiriak, Galaad eta Galilea eskualdeak eta Neftaliren lurralde osoa. Hauetako guztietako bizilagunak Asiriara erbesteratu zituen.
30 Elaren seme Oseasek azpilana egin zuen Ramaliasen seme Pekahen kontra; zauritu eta hil ondoren, bera jarri zen errege. Uziasen seme Jotamen, Judako erregearen, erregealdiko hogeigarren urtea zen.
31 Pekahen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
32 Ramaliasen seme zen Israelgo Pekahen erregealdiko bigarren urtean hasi zen errege izaten Judako Jotam, Uziasen semea.
33 Hogeita bost urte zituen errege izaten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jeruxa zuen izena eta Tzadoken alaba zen.
34 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, beraren aita Uziasek bezalaxe.
35 Hala ere, ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak, herriak halako kultu-lekuetan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen.Jotam honek egina da Jaunaren etxeko ate garaia.
36 Jotamen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
37 Aldi honetan hasi zen Jauna Siriako errege Retzin eta Pekah, Ramaliasen semea, Judako erreinuaren kontra bidaltzen.
38 Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Jotam, David bere arbasoaren Hirian. Ondorengo erregea haren seme Akaz izan zen.