1 Israelgo Elaren seme Oseasen erregealdiko hirugarren urtean hasi zen Ezekias, Akazen semea, Judako errege izaten.
2 Hogeita bost urte zituen orduan eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Abi zuen izena eta Zakariasen alaba zen.
3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Ezekiasek, bere arbaso Davidek bezalaxe.
4 Suntsitu zituen muinoetako kultu-lekuak, zutarri sakratuak hautsi, zutoin sakratuak bota, eta apurtu egin zuen Moisesek eginiko brontzezko sugea, ordu arte israeldarrek intsentsua erretzen baitzuten haren aurrean; Nehuxtan izena eman ohi zioten.
5 Jaunarengan, Israelen Jainkoarengan, ipini zuen bere ustea. Ez zen hura bezalako erregerik izan Judan, ez aurretik, ez ondoren.
6 Jaunari atxikia egon zen beti, harengandik aldendu gabe eta Jaunak Moisesi eman zizkion aginduak betez.
7 Jauna Ezekiasen alde egon zenez, onik atera zen hau bere egintza guztietan. Asiriako erregearen kontra jaiki eta haren menpeko izateari utzi zion.
8 Filistearrei ere oldartu zitzaien Gazaraino eta inguruetaraino, zaintzaileen dorreei eta gotorlekuei ere erasoz.
9 Ezekiasen erregealdiko laugarren urtean, hau da, Israelgo Elaren seme Oseasen erregealdiko zazpigarren urtean, Asiriako errege Salmanasarrek Samariari eraso eta setiatu egin zuen.
10 Hiru urteren buruan hartu zuten asiriarrek Samaria. Ezekiasen erregealdiko seigarren urtea eta Israelgo Oseasen erregealdiko bederatzigarren urtea zen Samaria hartu zutenean.
11 Asiriako erregeak Asiriara erbesteratu zituen israeldarrak, Halah deritzan lurraldean, Gozango Habor ibaiaren ondoan eta Mediako hirietan kokaraziz.
12 Izan ere, israeldarrek ez zuten aditu Jaunaren, beren Jainkoaren, ahotsa eta hautsi egin zuten haren ituna; ez zuten aditu, ez bete, Jaunaren zerbitzari Moisesek agindu ziena.
13 Ezekiasen erregealdiko hamalaugarren urtean Asiriako errege Senakeribek Judako hiri gotor guztiei eraso eta hartu egin zituen.
14 Judako errege Ezekiasek mezu hau bidali zion Lakix hirira Asiriako erregeari: «Huts egin dizut, bai; baina ez iezadazu eraso. Ezarri zergaren bat eta ordainduko dizut».Hamar tona inguru zilar eta tona bat urre ordaindu beharra ezarri zion Asiriako erregeak Judako errege Ezekiasi.
15 Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegietan zegoen zilar guztia eman zuen Ezekiasek.
16 Orduantxe kendu behar izan zituen Judako errege Ezekiasek, berak lehen urrez jantziak zituen Jaunaren tenpluko ateak eta ate-euskarriak, Asiriako erregeari emateko.
17 Asiriako erregeak gudalburu nagusia, ofizial nagusia eta ordezkari nagusia bidali zituen Lakixtik, gudaroste handi batekin, Jerusalemera Ezekias erregearen aurka. Jerusalemera heldu zirenean, goiko urtegirako ubide ondoan gelditu ziren, oihal-garbitzailearen sororako bidean,
18 eta dei egin zioten erregeari. Hilkiasen seme Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta Asafen seme Joah, erregearen bozeramailea, atera ziren haiengana.
19 Asiriar ordezkari nagusiak esan zien:—Eramaiozue Ezekias erregeari errege handiaren, Asiriako erregearen, mezu hau: «Zer dela-eta zaude hain ziur?
20 Uste al duzu hitz hutsek gerrako planak eta ausardiak bezainbat balio dutela? Norengan duzu zeure ustea, nire kontra jaikitzeko?
21 Egiptorengan? Hara, kanabera printzatua bezala da Egipto: euskarritzat hartzen duenari eskua zulatzen dio alderik alde. Horrelakoxea da Egiptoko errege faraoia ustea berarengan duten guztientzat.
22 “Jaunarengan, geure Jainkoarengan, dugu ustea”, erantzungo didazu. Baina ez al ditu, bada, Jainko horren muinoetako kultu-leku eta aldareak kendu Ezekiasek, Juda eta Jerusalemgo jendeari Jauna Jerusalemgo aldarean bakarrik gurtzeko aginduz?
23 Ea, bada, egiozu desafio nire jaunari, Asiriako erregeari: bi mila zaldi emango dizkizut, beste hainbeste zaldun aurkitzeko gauza bazara.
24 Ezin diozu-eta atzera eragin nire ofizialik txikienetariko bati ere! Egiptok guda-gurdiak eta zaldiak emango dizkizulakoan al zaude?
25 Gainera, uste al duzu Jaunaren baimenik gabe etorri naizela toki honi eraso egin eta hondatzera? Jaunak berak esan dit toki hau eraso eta hondatzeko!»
26 Orduan, Hilkiasen seme Eliakimek, Xebnak eta Joahek hau erantzun zioten asiriar ordezkari nagusiari:—Mesedez, hitz egiguzu arameeraz, ulertzen baitugu. Ez mintzatu hebreeraz, harresi gainean dagoen jendea entzuten ari da eta.
27 Ordezkari nagusiak ihardetsi zuen:—Zer uste duzu? Mezu hau zure erregeari eta zuri bakarrik esatera bidali nauela neure jaunak? Harresi gainean dagoen jende horrentzat ere bada, horiek ere beren kaka jan eta pixa edan beharko baitute, zuek bezalaxe.
28 Orduan, ordezkari nagusiak, zutiturik, deiadarka esan zuen hebreeraz mintzatuz:—Entzun ezazue errege handiaren, Asiriako erregearen, mezua:
29 «Ez zaitzatela engaina Ezekiasek, ezin izango baitzaituzte libratu nire eskutik.
30 Ez diezazuela Ezekiasek ustea Jaunarengan jarrarazi, Jaunak libratuko zaituztelakoan eta hiri hau Asiriako erregearen menpean eroriko ez delakoan».
31 Ez aditu Ezekiasi; entzun Asiriako erregeak dioena: «Egin bakezkoak nirekin eta jar zaitezte nire menpe. Horrela nork bere mahatsondoaren eta pikondoaren fruituak jan ahal izanen ditu eta bere putzuko ura edan.
32 Eta gero, zuena bezalako beste lurralde batera, garia eta ardoa, ogia eta mahastiak, olibondoak, olioa eta eztia dituen lurraldera, eramango zaituztet. Eta hil ordez, bizi egingo zarete. Ez entzun Ezekiasi; zuek engainatzen ari da, Jaunak libratuko zaituztela esanez.
33 Beste herrietako jainkoek libratu ote dituzte beren lurraldeak Asiriako erregearen eskutik?
34 Zer egin dute Hamat eta Arpadeko jainkoek? Zer Sefarbaim, Hena eta Ibako jainkoek? Libratu al dute Samaria nire eskutik?
35 Inongo jainkok ez du libratu bere lurraldea nire eskutik, eta Jaunak libratuko al du, bada, Jerusalem nire menpean erortzetik?»
36 Jendea isilik gelditu zen; ez zion hitzik erantzun, erregeak agindua baitzien ez erantzuteko.
37 Hilkiasen seme Eliakim jauregizainak, Xebna idazkariak eta Asafen seme Joah bozeramaileak, jantziak urraturik, Ezekiasengana joan eta ordezkari nagusiak esana adierazi zioten.