1 Orduan, Judako eta Jerusalemgo arduradun guztiak bil zitezen agindu zuen erregeak.
2 Gero, erregea Jaunaren etxera igo zen, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiak berekin zituela: apaizak, profetak eta jende guztia, txiki nahiz handi. Eta Jaunaren etxean aurkitutako itun-liburuak dioen guztia irakurri zien erregeak.
3 Ondoren, oholtzaren gainean zutik, Jaunarekiko ituna berritu zuen erregeak: jarraituko zioten Jaunari eta beteko zituzten bihotz-bihotzez eta gogo osoz haren agindu, burubide eta arauak, liburu hartan idatzirik zeuden itunaren xedapen guztiak.Herri osoak onartu zuen ituna.
4 Orduan, Baal, Axera eta jainkotzat zituzten izar guztien kulturako eginak zeuden tresna guztiak tenplutik ateratzeko agindu zien erregeak Hilkias apaiz nagusiari, apaiz laguntzaileei eta atezainei. Eta, Jerusalemdik kanpora Zedron haraneko zelaietan erre ondoren, Betelera eramanarazi zituen errautsak.
5 Judako erregeek ezarriak zituzten sasiapaizak Judako hirixka eta Jerusalem inguruetako kultu-lekuetan, toki horietan intsentsua erre zezaten; Josiasek kendu egin zituen halakoak; baita Baali, eguzki nahiz ilargiari nahiz izar-multzo eta izar guztiei intsentsua erretzen zietenak ere.
6 Tenpluan zegoen zutoin sakratua Jerusalemdik kanpora aterarazi eta Zedron errekan erre zuen; erabat erraustu eta errautsak jende arruntaren hilobira bota zituen.
7 Tenpluan prostituzio sakraturako erabili ohi ziren gelak ere desegin zituen; gela haietan ehotzen zituzten emakumeek Axera jainkosaren irudiei aterpeak egiteko oihalak.
8 Ondoren, Judako hirixketan, Gebatik Beer-Xebaraino, muinoetako kultu-lekuetan intsentsua erretzen zuten apaizak Jerusalemera etorrarazi zituen, eta kultu-leku haiek profanatu. Jerusalemgo ateetan ziren kultu-lekuak ere desegin zituen, bereziki Josue gobernariaren atetik hirian sartzean ezkerraldera zegoena.
9 Hala ere, kultu-lekuetako apaiz haiek ezin ziren igo Jaunaren aldarera Jerusalemgo tenpluan; baina jan zezaketen, gainerako apaizekin batera, legamia gabeko ogia.
10 Ben-Hinom deritzan haranean zegoen Tofeteko erretegia ere profanatu zuen; horrela, ezin izango zion inork ere suari eman bere seme nahiz alabarik, Molok sasijainkoari eskaintzeko.
11 Era berean, kendu egin zituen Judako erregeek eguzkiaren kulturako ezarriak zituzten zaldi-irudiak; hauek Jaunaren etxeko sarreran zeuden, tenpluari erantsitako aterpe batzuetan, Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gela ondoan. Eta erre egin zituen eguzkiaren kulturako gurdiak.
12 Gainera, Judako erregeek Akazen goi-gelaren gainean eraikiak zituzten aldareak desegin zituen; orobat Jaunaren etxeko bi atarietan Manasesek eraikiak zituenak ere. Bertan hautsi eta Zedron errekara jaurti zituen puskak.
13 Jerusalemgo ekialdean eta Oliamendiko hegoaldera zeuden kultu-lekuak ere profanatu zituen Josiasek; kultu-leku haiek Israelgo errege Salomonek eraikiak ziren sidondarren jainkosa zen Astarteren irudi higuingarriari, moabdarren jainko zen Kemoxen irudi nazkagarriari eta amondarren jainko zen Milkomen irudi nardagarriari kultu emateko.
14 Zutarri sakratuak ere hautsi zituen, zutoin sakratuak puskatu eta giza hezurrez bete haiek utzitako zuloak.
15 Betelen zegoen kultu-lekuko aldarea ere desegin zuen Josiasek; kultu-leku hau Israel herriari bekatu eginarazteko eraikia zuen Nebaten seme Jeroboamek. Josiasek su eman zion kultu-leku hari eta aldarea hautsi, dena errauts bihurtuz; zutoin sakratua ere erre egin zuen.
16 Itzultzean, mendian barrena zeuden hilobiak begiztatu zituen Josiasek, eta hilobi haietako hezurrak hartu eta aldare gainean erretzeko agindu zuen. Horrela profanatu zuen aldare hura. Hala agindua zuen Jaunak, gauza hauek hots egin zituen profetaren bidez.
17 Hortan, Josiasek galdetu zuen:—Zer da ikusten ari naizen oroitarri hura?Hiriko jendeak erantzun:—Judatik etorri eta zuk Betelgo aldarearen kontra egindakoa iragarri zuen profetaren hilobia da.
18 Orduan, Josiasek agindu zuen:—Utzi hori; ez ditzala inork ukitu hezur horiek!Horrela, errespetatu egin zituzten hezur haiek, baita Samariatik etorria zen profetarenak ere.
19 Israelgo erregeek eraikiak zituzten muinoetako kultu-lekuak Samariako hirietan ere, Jainkoa haserraraziz; Josiasek bota egin zituen halako eraikuntza guztiak ere, Betelgoa bezalaxe.
20 Kultu-leku haietako apaizei lepoa moztu zien aldare gainean eta giza hezurrak erre zituen aldare haien gainean.Ondoren, Jerusalemera itzuli zen.
21 Orduan, Josias erregeak agindu zion herri osoari:—Ospa ezazue Pazko-jaia Jaunaren, zeuen Jainkoaren, ohoretan, itun-liburu honetan idatzia dagoen bezala.
22 Epaileek Israel gobernatu zutenez geroztik, eta Israelgo nahiz Judako erregeen aldi osoan, ez zen hura bezalako Pazko-jairik ospatu izan.
23 Josiasen erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuten Pazko-jai hura Jerusalemen Jaunaren ohoretan.
24 Hilkias apaizak Jaunaren etxean aurkitu zuen lege-liburuko aginduak betez, Josiasek desagerrarazi egin zituen Jerusalemdik eta Juda lurralde osotik hildakoen espirituei dei egiten zieten guztiak eta igarleak; eta etxe-jainkoen irudiak, idoloak eta irudi nazkagarriak hautsi egin zituen.
25 Ez Josiasen aurretik, ez ondotik ez zen izan bere bihotz, gogo eta indar guztiaz Jaunarengana itzuli zen beste erregerik; denetan bete zituen Josiasek Moisesen irakaspenak.
26 Hala ere, Jaunari ez zitzaion baretu Judaren kontra zuen haserre bizia, Manasesek egin zizkion irain izugarriak zirela eta.
27 Esan zuen Jaunak: «Urrundu egingo dut neure aurretik Juda ere, Israel urrundu nuen bezala. Zapuztu egingo ditut aukeratu nuen Jerusalem hiria eta egonlekutzat hartua nuen tenplua».
28 Josiasen gainerako jarduerak eta egintzak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
29 Josiasen egunetan Egiptoko erregea, Neko faraoia, Asiriako erregeari laguntzera joan zen Eufrates ibai ingurura. Josiasek aurre egin zion faraoiari, baina honek, borrokan hasi orduko, hil egin zuen Josias Megidon.
30 Ofizialek Megidotik Jerusalemera guda-gurdi batean gorpua eraman eta bere hilobian lur eman zioten Josiasi. Orduan, herriko jendeak Josiasen seme Joakaz gantzutu eta izendatu zuen errege, bere aitaren ordez.
31 Hogeita hiru urte zituen Joakazek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena eta Libnako Jeremiasen alaba zen.
32 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aurrekoek bezala.
33 Neko faraoiak giltzapetu egin zuen Hamat lurraldeko Ribla hirian, Jerusalemgo errege izatea kenduz. Gero, zerga ezarri zion Judari: hiru mila kilo zilar eta hogeita hamabost kilo urre ordaindu behar zuten.
34 Neko faraoiak Josiasen beste seme bat, Eliakim, ezarri zuen errege bere aitaren ordez; baina izena aldatu zion, Joiakim deituz. Joakaz, berriz, Egiptora eraman zuen eta han hil zen.
35 Joiakimek urre-zilarrak eman behar izan zizkion faraoiari. Honek eskatutako dirutza ordaindu ahal izateko, zergak ezarri zituen herrian; bakoitzak, zegokion heinean, urrea eta zilarra eman behar zituen, Neko faraoiari ordaintzeko.
36 Hogeita bost urte zituen Joiakimek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Zebida zuen izena eta Rumako Pedaiasen alaba zen.
37 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Joiakimek ere, bere aurrekoek bezala.