2 Erregeak 13 EAB

Joakaz, Israelgo errege

1 Judako errege Akaziasen seme Joaxen erregealdiko hogeita hirugarren urtean hasi zen Samarian Israelgo errege izaten Joakaz, Jehuren semea. Hamazazpi urtez izan zen errege.

2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.

3 Horregatik, sutu egin zen Jaunaren haserrea Israelen kontra, eta luzaroan utzi zuen Israel herria Siriako errege Hazael eta honen seme Ben-Hadaden eskumendean.

4 Baina Joakazek otoitz egin zion Jaunari eta honek entzun, ikusi baitzuen zein gogor menderatzen zuen Siriako erregeak Israel.

5 Siriarren uztarpetik askatu zuen salbatzailea bidali zion orduan Jaunak Israeli, eta israeldarrek lehen bezain lasai bizi ahal izan ziren beren oihal-etxoletan.

6 Hala ere, israeldarrak ez ziren aldendu Jeroboamen senitarteak Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik, baizik eta bere horretan jarraitu zuten, zutoin sakratuak Samarian zutik mantenduz.

7 Horregatik, Jaunak Joakazi ez zion utzi berrogeita hamar zaldizko eta hamar mila oinezko gudari besterik; izan ere, gainerako gudarostea Siriako erregeak hondatu zuen eta oinpeko hauts bihurtu.

8 Joakazen gainerako jarduerak, egintza guztiak eta ekintza bizkorrak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

9 Hil zenean, Samarian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Joax izan zen.

Joax, Israelgo errege

10 Judako Joaxen erregealdiko hogeita hamazazpigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten beste Joax hau, Joakazen semea; hamasei urtez izan zen errege Samarian.

11 Jainkoari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe, beraietan ibiliz baizik.

12 Joaxen gainerako jarduerak, egin zuen guztia, ekintza bizkorrak eta Judako errege Amatziasen aurkako borroka «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

13 Joax hil zenean, Jeroboam jarri zen errege-aulkian. Joax Samarian ehortzi zuten, Israelgo erregeen ondoan.

Siriarren menderatzea iragarri Eliseok Joaxi

14 Eliseo gaixotu zelarik, gero heriotzara eramango zuen eritasunez gaixotu ere, Israelgo errege Joaxek ikustera joan eta, haren aurrean negarrez, esan zion:—Ene aita, ene aita, Israelen zaintzaile indartsua!

15 Eliseok agindu zion:—Har itzazu uztaia eta geziak.Hartu zituenean,

16 Eliseok berriro Israelgo erregeari:—Tenka ezazu uztaia.Erregeak uztaia tenkatu zuenean, Eliseok erregearen eskuen gainean bereak ezarri

17 eta esan zion:—Ireki ekialdeko leihoa.Erregeak leihoa irekitzean, Eliseok agindu zion:—Jaurti!Eta erregeak gezia jaurti zuenean, Eliseok esan zuen:—Jaunaren garaipen-gezia! Siriarren kontrako garaipen-gezia! Suntsitzeraino hondatuko dituzu siriarrak Afeken.

18 Eta esan zion, gainera:—Har itzazu geziak!Hartu zituenean, Eliseok esan zion Israelgo erregeari:—Jo orain lurra!Hiru bider jo eta gelditu egin zen erregea.

19 Haserretu egin zitzaion Jainkoaren gizona, eta esan zion:—Bospasei bider jo izan bazenu, zeharo desegiteraino hondatuko zenituzkeen siriarrak; baina hiru bider jo duzunez, hiru bider bakarrik menderatuko dituzu.

Eliseo hil

20 Hil zen Eliseo eta ehortzi zuten.Urtero lapur-talde moabdarrak Israelen sartu ohi ziren lapurretara.

21 Behinola, gizon bat hilobiratzen ari ziren batzuk, lapur-talde haietako bat ikustean, gizonaren gorpua Eliseoren hilobira bota eta ihesi joan ziren. Gorpuak Eliseoren hezurrak ukitzean, piztu egin zen gizona eta zutitu.

ELISEOREN HERIOTZATIK ISRAEL ERREINUAREN BUKAERARA (13,22—17,41)

Siriarren hondamena

22 Joakaz bizi izan zen bitartean, Siriako errege Hazaelek menpean izan zituen israeldarrak.

23 Baina Jauna errukitu egin zitzaien eta gupidatu, eta barkatu egin zien, Abraham, Isaak eta Jakobekin egina zuen itunarengatik. Ez zituen desegin nahi izan, oraino ez baitzituen beregandik urruti egotzi.

24 Siriako errege Hazael hil zenean, hurrengo erregea beraren seme Ben-Hadad izan zen.

25 Orduan, Joakazen seme Joaxek berreskuratu egin zituen, Ben-Hadadi kenduz, honen aita Hazaelek Joaxen aita Joakazi guduan kendutako hiriak. Hiru bider menderatu zuen Joaxek Ben-Hadad; horrela berreskuratu zituen Israelenak ziren hiriak.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25