2 Erregeak 16 EAB

Akaz, Judako errege

1 Ramaliasen seme Pekahen erregealdiko hamazazpigarren urtean hasi zen Judako errege izaten Akaz, Jotamen semea.

2 Hogei urte zituen Akazek orduan, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Ez zuen egin Jaunari, bere Jainkoari, atsegin zaiona, bere arbaso Davidek ez bezala.

3 Israelgo erregeen jokabidea hartu zuen; bere semeetako bat oparitzat erre ere egin zuen, Jaunak israeldarren aurretik egotziak zituen jentil haien ohitura higuingarriei jarraituz.

4 Muinoetako kultu-lekuetan eta edozein zuhaitz handiren azpian, opariak eskaini eta intsentsua erre ohi zuen.

5 Aldi hartan, Siriako errege Retzin eta Israelgo errege Pekah, Ramaliasen semea, Jerusalemen kontra borrokara igo ziren; Akaz setiatu zuten, baina ezin izan zuten hiria hartu.

6 Aldi berean, Siriako errege Retzinek Elat hiria berreskuratu zuen siriarrentzat; juduak Elatetik bota ondoren, edomdarrak kokatu ziren bertan, eta han bizi dira gaurdaino.

7 Orduan, Akazek mezulariak bidali zizkion Asiriako errege Tiglat-Pileserri mezu honekin: «Zeure zerbitzari eta menpeko nauzu; zatoz eta salba nazazu eraso didaten Siriako eta Israelgo erregeen eskuetatik».

8 Hartu zituen Akazek Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegian zeuden urre-zilarrak eta Asiriako erregeari bidali zizkion esku-erakutsi bezala.

9 Asiriako erregeak, eskari hura entzunik, eraso eta hartu egin zuen Damasko; hango bizilagunak Kir-era deserriratu zituen, eta Retzin erregea hil.

10 Akaz Damaskora joan zen Asiriako errege Tiglat-Pileser ikustatzera. Orduan, ikusi zuen Damaskoko aldarea, eta beronen neurri-egiturak bidali zizkion Urias apaizari, nolakoa egin jakiteko.

11 Urias apaizak, beraz, Akaz erregeak Damaskotik bidali zion ereduaren arabera egin zuen aldarea, Akaz erregea itzuli baino lehen.

12 Damaskotik etorri eta aldarea ikustean, erregeak, aldarera igoz,

13 erre-opariak, labore- eta isur-opariak egin zituen, eta elkartasun-oparien odolaz zirtatu zuen aldarea.

14 Jaunaren aitzinean zegoen brontzezko aldarea, berriz, kendu egin zuen tenpluaren aurretik, hau da, aldare berriaren eta Jaunaren etxearen tartetik, eta aldamenean ezarri zuen, aldare berritik iparraldera.

15 Gero, agindu zion Akaz erregeak Urias apaizari: «Aldare handiaren gainean egin behar dituzu goizeko erre-oparia eta arratseko labore-oparia, erregearen erre-oparia eta labore-oparia, baita herriaren erre-opari, labore- eta isur-opariak ere. Orobat, aldare handiaren gaina zirtatuko duzu erre-oparietako eta sakrifizioetako odol guztiaz. Brontzezko aldareari buruzkoa neuk erabakiko dut».

16 Akaz erregeak agindu bezala egin zuen Urias apaizak.

17 Akaz erregeak orgetako markoak eta orgetan zeuden ur-ontziak kendu egin zituen; zezenen gainean zegoen brontzezko uraska eraitsi eta harrizko zoladura gainean kokatu zuen.

18 Asiriako erregeari atsegin emateko, aldatu egin zituen Akazek bai tenplu barruan egina zen larunbatetarako aterpea, bai kanpoan zegoen errege-sarrera.

19 Akazen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

20 Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Akaz, Daviden Hirian. Ondorengo erregea haren seme Ezekias izan zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25