2 Erregeak 3 EAB

Joram, Israelgo errege

1 Judako Josafaten erregealdiko hemezortzigarren urtean hasi zen Akaben seme Joram Israelgo errege izaten Samarian, eta hamabi urtez izan zen errege.

2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; ez, ordea, aita-amek bezainbat, berak kendu baitzuen aitak Baali eraikia zion zutarri sakratua.

3 Hala ere, Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatu berak egiten jarraitu zuen.

Israeldarren eta moabdarren artean borroka

4 Moabeko errege Mexa abeltzaina zen. Ehun mila bildots eta ehun mila ahari, bere ile eta guzti, eman behar zizkion Israelgo erregeari zergatzat.

5 Akab hil zenean, ordea, Moabeko erregea Israelgoaren kontra jaiki zen.

6 Egun hartan bertan, Joram erregeak Samariatik irten eta israeldar gudari guztiak zenbatu zituen.

7 Ondoren, mezu hau bidali zion Judako errege Josafati: «Moabeko erregea kontra jarri zait. Etorriko al zara moabdarrak borrokatzera?» Hark erantzun: «Joango naiz. Biok bat gara; nire gudarostea eta zurea, nire zalditeria eta zurea bat dira».

8 Eta galdetu zuen: «Zein bidetatik joango gara?» Israelgo erregeak erantzun: «Edomgo basamortuko bidetik».

9 Abiatu ziren, bada, Israelgo erregea, Judakoa eta Edomgoa. Zazpi eguneko itzulingurua egin ondoren, urik gabe gelditu ziren, bai gudarostearentzat, bai atzetik zituzten zamarientzat.

10 Israelgo erregeak esan zuen:—Gureak egin du! Moabdarren eskuetan eror gaitezen bildu gaitu hemen Jaunak.

11 Josafatek esan zuen:—Ez ote da hemen Jaunaren profetarik, beraren bidez Jaunari galdegin ahal izateko?Israelgo erregearen zerbitzarietako batek esan zuen:—Hemen dugu Xafaten seme Eliseo. Eliasen laguntzaile izana da.

12 Josafatek, orduan:—Horren bidez hitz egingo digu Jaunak.Eta berarengana jaitsi ziren Israelgo erregea, Josafat eta Edomgo erregea.

13 Eliseok esan zion Israelgo erregeari:—Utz nazazu bakean! Galdegiezu zeure aita-amen profetei.Israelgo erregeak ihardetsi zion:—Ez! Moabdarren eskuetan uzteko bildu gaitu Jaunak hiru erregeok.

14 Eliseok, orduan:—Ala Jaun ahalguztiduna, bere zerbitzari nauena! Judako errege Josafaten begirunez izan ez balitz, ez nizukeen inolako kasurik egingo, ezta begiratu ere.

15 Tira! Ekardazue harpa-jotzaile bat.Eta harpa-jotzailea jotzen ari zela, Jaunaren indarrak hartu zuen Eliseo,

16 eta esan zuen:—Hau dio Jaunak: «Egizue erreten ugari haran honetan.

17 Izan ere, nahiz eta zuek haizerik ez sumatu, ez euririk ikusi, urez beteko da haran hau eta edan ahal izanen duzue bai zeuek, bai zuen abere eta zamariek».

18 Hori ez ezik, eskuetara emango dizkizue Jaunak moabdarrak.

19 Hiri gotortu eta hiri nagusi guztiak xehatuko dituzue, fruta-arbolak ebakiko, iturburu guztiak itxiko eta lur landuak hondatuko harriz betez.

20 Biharamun goizean, oparia eskaintzeko orduan, uholdea etorri zen Edom aldetik, eta lurralde hura urez bete zen.

21 Moabdarrek, beren aldetik, errege haiek erasotzera zetozkiela jakitean, armak hartzeko adinean zeuden guztiak eta zaharragoak ere bildu eta mugetan kokatu zituzten.

22 Goiz hartan, jaikitzean, eguzkiak diz-diz egiten zuen uraren gainean. Moabdarrei beren aurreko ura odola bezala gorri zegoela iruditu zitzaien,

23 eta esan zuten: «Odola da hori! Errege horiek borroka egin dute eta elkar hil. Ea, moabdarrok, harrapakinetara!»

24 Moabdarrak israeldarren kanpalekura hurbildu zirenean, ordea, israeldarrek eraso egin zieten moabdarrei. Hauek ihesari eman zioten, eta israeldarrek, Moaben sartuz,

25 dena hondatu zuten: hiriak xehatu, lur landuak harriz bete, iturburuak itxi eta fruta-arbolak ebaki. Kir-Hareset hiriburua besterik ez zen gelditu; hiri honi ere, setiatu ondoren, eraso egin zioten habailariek.

26 Moabeko erregeak, gudua galtzeko zorian zegoela ikusirik, zazpiehun gizon hartu zituen, beren ezpata eta guzti, Edomgo erregearen taldea banatzeko; baina ez zuen deus egin ahal izan.

27 Orduan, hartu zuen Moabeko erregeak beraren ondoren errege izatekoa zen bere seme zaharrena eta erre-oparitzat eskaini zuen harresi gainean. Ikaragarrizko beldurra sartu zitzaien israeldarrei. Handik alde egin eta beren lurraldera itzuli ziren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25