2 Erregeak 19 EAB

Ezekiasek Isaias profetari galde

1 Ezekias erregeak ere, hori entzutean, jantziak urratu zituen eta, doluz jantzirik, Jaunaren etxera jo zuen.

2 Eta Amotzen seme Isaias profetagana bidali zituen Eliakim jauregizaina, Xebna idazkaria eta apaizik zaharrenak, doluz jantzirik,

3 esatera: «Hau dio Ezekiasek: Larritasun-, zigor- eta lotsa-eguna dugu gaurkoa. Haurra izateko zorian, eta egiteko indarrik gabe dagoen emakumearen antzeko gara.

4 Jainko bizia laidotzera bidali du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Entzungo al zituen Jaunak, zure Jainkoak, hark esan dituen irainak, eta zigortuko al du, entzun behar izan dituen irain guztiengatik! Eta zuk egizu otoitz oraindik bizirik dirautenen alde».

5 Hala, joan ziren Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasengana.

6 Isaiasek erantzun zien: «Emaiozue zeuen nagusiari Jaunaren mezu hau: “Ez beldurtu entzun dituzun hitzengatik; ni iraintzeko esan dituzte halakoak Asiriako erregearen ofizial horiek.

7 Hara, zurrumurruren bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurraldera itzuliko da. Han hil egingo dute ezpataz”».

Senakerib berriro mehatxuka

8 Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna hiriari erasotzera, eta han aurkitu zuen.

9 Handik, Etiopiako errege Tirhaka borrokatzeko asmoz zetorkiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak bidali zizkion berriro Ezekiasi,

10 Judako erregeari, esatera: «Ustea berarengan duzun arren, ez zaitzala engaina zeure Jainko horrek, Jerusalem nire eskuetan ez dela eroriko esaten dizunean.

11 Zeuk entzun duzu zer egin dieten Asiriako erregeek herrialde guztiei: erabat hondatu. Eta zu libratuko zarelakoan al zaude?

12 Nire aurreko erregeek Gozan, Harran, Retzef eta Telasarren bizi ziren edendarrak hondatu zituztenean, libratu al zituzten beren jainkoek?

13 Non dira Hamateko, Arpadeko, Lairreko, Sefarbaimgo, Henako eta Ibako erregeak?»

Ezekiasen otoitza

14 Hartu zuen Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zen eta, gutuna Jaunaren aurrean zabaldurik,

15 honela egin zion otoitz: «Jauna, Israelen Jainkoa, hegaldun izakien arteko tronuan eseria zauden hori, zu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak.

16 Itzul belarria niregana, Jauna, eta entzun. Zabaldu begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun nolako irainak zuzendu dizkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri.

17 Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek birrindu egin dituztela herriak eta berauen lurraldeak,

18 eta suari eman dizkiotela berauen jainkoak; ez baitziren Jainko, zurezko nahiz harrizko irudi huts baizik, giza eskuek eginak. Horregatik xehatu ahal izan dituzte.

19 Zuk, ordea, Jauna, gure Jainko horrek, salba gaitzazu Senakeriben eskuetatik. Horrela, lurreko erreinu guztiek jakingo dute, Jauna, zu bakarrik zarela Jainkoa».

Isaiasek Ezekiasi Jaunaren erantzuna adierazi

20 Amotzen seme Isaiasek mezu hau bidali zion Ezekiasi: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Aditu dut Asiriako errege Senakerib dela-eta egin didazun otoitza.

21 Hona hemen zer diodan haren aurka:«Mespretxu eta barre degizu,Senakerib,Sion neska gazte ederrak;buruaz keinuka ari zaizu atzetikJerusalem hiri ederra.

22 Nori egin diozu irain eta iseka?Noren aurka jaso duzu ahotsaeta altxatu begiak harro?Nire aurka,Israelen Jainko santuaren aurka!

23 Ni, Jaun hau, iraindu nauzuzeure mezularien bidez.Hau esan duzu:“Neure guda-gurdien oldarrezmendi-gailurretara igo naiz,Libanoko tontor hurbilgaitzetara.Hango zedrorik tantaienaketa zipresik bikainenak bota ditut.Tontorrik garaienetaraeta basarterik itxienetaraheldu naiz.

24 Atzerrietan putzuak egin dituteta bertako ura edan;oinpean zapalduz lehortu egin ditutEgiptoko ubide guztiak”.

25 Baina ez al dakizu, Senakerib,aspalditik neuk prestatua nuela,antzinatik neuk erabakiaorain burutzen ari naizen hau?Horregatik bihurtu dituzuhiri gotorrak zabor-pila.

26 Haietako bizilagunak indarrik gabe,ikaraturik eta buru-makurutzi dituzu,larre-belarra bailiran,hazi baino lehen ihartua.

27 Badakit zure egintzeneta nondik norako guztien berri;badakit noiz zaudenamorru bizitan nire kontra.

28 Nire kontra amorruz zaudelakoeta zure harrokerianireganaino iritsi delako,sudurrekoa eta ahokoaezarriko dizkizut,etorri zaren bidetik itzularazteko».

29 Ondoren, hau esan zion Isaiasek Ezekiasi:«Hauxe izanen duzu ezaugarri:aurten, alorrean utzitako hazitiksortua jango duzu;datorren urteanbere kasa erneko dena;baina hurrengo urtean,erein ahal izango duzueeta uzta bildu,mahatsondoak landatueta mahatsa jan.

30 Judako erreinuan bizirik geldituak,lurrean sustraiak botatzeneta adarretan fruituakematen dituzten zuhaitzizango dira berriro.

31 Izan ere, bakar batzukbizirik geldituko dira Jerusalemen,onik aterako Sion mendian.Jaunaren maitemin sutsuakegingo du hori!

32 «Hau dio JaunakAsiriako erregeaz:“Ez da hiri honetan sartuko,ez dio gezirik jaurtiko,ez ezkutuen babespean erasoko,ez hiria hartzeko betelanik egingo.

33 Etorri den bidetik itzuliko da;ez da sartuko hiri honetan.Hala diot nik, Jaunak.

34 Neuk gerizatuko duteta salbatuko hiri hau,naizena naizenagatiketa neure zerbitzari Davidengatik”».

Asiriarrak ihesi

35 Gau hartan bertan, Jaunaren aingeruak ehun eta laurogeita bost mila gizon jo eta hil zituen asiriarren kanpalekuan; denak hilda aurkitu zituzten biharamun goizean, jaiki zirenean.

36 Asiriako errege Senakerib, orduan, guda-etxolak jaso eta Ninivera itzuli zen eta bertan gelditu.

37 Egun batez, bere jainko Nisrok-en jauretxean ahuspeztua zegoelarik, Adramelek eta Saretzer bere semeek ezpataz jo eta hil egin zuten; gero, Ararat inguruko lurraldera egin zuten ihes hiltzaileek. Beste seme bat, Asarhadon, izan zen ondorengo erregea.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25