2 Erregeak 22 EAB

Josias, Judako errege

1 Zortzi urte zituen Josiasek errege izaten hastean, eta hogeita hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jedida zuen izena eta Botzkateko Adaiaren alaba zen.

2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Josiasek, bere arbaso Daviden jokabideari denetan jarraituz, ezertan ere okertu gabe.

Apaiz nagusiak lege-liburua aurkitu

3 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean, Josias erregeak Jaunaren etxera bidali zuen Xafan idazkaria, Atzaliasen seme eta Mexulamen biloba, mandatu honekin:

4 —Zoaz Hilkias apaiz nagusiagana. Zenbatu dezala, herriak Jaunaren etxera eraman eta atezainek bildu duten dirua.

5 Eman diezaietela dirua Jaunaren etxeko lan-arduradunei, hauek tenpluko hondaketak konpontzen ari diren langileei ordaintzeko:

6 zurginei, etxegileei eta igeltseroei. Eros ditzatela diru horrekin tenpluko hondaketak konpontzeko behar diren zura eta harlanduak ere.

7 Ez diezaietela eska lan-arduradunei beren esku utziriko diruaren konturik, zintzo jokatzen baitute.

8 Hilkias apaiz nagusiak esan zion Xafan idazkariari:—Lege-liburua aurkitu dut Jaunaren etxean.Eta Hilkiasek Xafani eman zion liburua. Xafanek, irakurri zuelarik,

9 erregearen aurrera joan eta berriak eman zizkion:—Bildu dute zure zerbitzariek tenpluan zuten dirua eta eman diete Jaunaren etxeko lan-arduradunei.

10 Gero, Xafan idazkariak aurkikuntzaren berri eman zion erregeari:—Hilkias apaizak liburu hau eman dit.Eta Xafanek irakurri egin zuen erregearen aurrean.

Josiasek Hulda profetesari galde

11 Lege-liburuak zioena entzutean, erregeak jantziak urratu eta

12 hau agindu zien Hilkias apaizari, Xafanen seme Ahikami, Mikeasen seme Akborri, Xafan idazkariari eta erregearen ministro zen Asaiasi:

13 —Zoazte eta kontsulta egin Jaunari, nire izenean eta Judako herri osoaren izenean, aurkitu duten liburu honek dioenaz. Izan ere, haserre bizitan egon behar du Jaunak gurekin, gure arbasoek liburu honetan esaten denari kasurik egin ez ziotelako eta hemen idatzia bete ez zutelako.

14 Orduan, Hulda profetesagana joan ziren Hilkias apaiza, Ahikam, Akbor, Xafan eta Asaias. Profetesa hura Jerusalemgo auzategi berrian bizi zen. Haren senar Xalum, Tikbaren seme eta Harhasen biloba, tenpluko jantzien arduraduna zen. Adierazi zioten arazoa

15 Hulda profetesari, eta honek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, mezua jakinarazi zien mandatariei, erregeari esan ziezaioten:

16 «Hau dio Jaunak: “Judako erregearen aurrean irakurri dituzten hitzak betez, hondamena bidaliko dut Jerusalemera eta bertan bizi direnen gainera.

17 Baztertu nautelako, jainko arrotzei intsentsua erre dietelako eta idoloak eginez iraindu nautelako, sutu egin zait haserrea Jerusalemen kontra, eta ez zait itzaliko”.

18 Baina niri galde egitera bidali zaituzten Judako erregeari esan: Hau dio Jainkoak entzun dituzun hitzei buruz:

19 “Entzun duzu nik Jerusalemen eta bertan bizi direnen kontra esan dudana —hondatu eta madarikatu egingo baitute etsaiek toki hau—. Horregatik zure bihotza bigundu egin da eta apaldu egin zara nire aitzinean. Hara, bada, nik ere entzun dizut —dio Jaunak—.

20 Beraz, Jerusalemera bidaliko dudan hondamen hori ikusi baino lehen zeure gurasoengana bilduko zaitut, eta bakean ehortziko zaituzte zeure hilobian”».Hala, mandatariek eraman zioten erregeari erantzuna.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25