2 Erregeak 6 EAB

Aizkora galdu eta aurkitu

1 Behinola, profeta-taldeak esan zion Eliseori:—Zurekin biltzeko dugun biltzar-toki hau estuegia da guretzat.

2 Utz iezaguzu Jordaneraino joaten, bakoitzak haga bana hartu eta biltzar-toki egokiagoa eraiki dezagun.Eliseok erantzun zien:—Zoazte, bada.

3 Haietarik batek, ordea, esan zion:—Zatoz zu ere gurekin, mesedez.Eta Eliseok:—Joango naiz, bada.

4 Hala, haiekin joan zen. Jordanera heldu eta zuhaitzak botatzen hasi zirenean,

5 zuhaitza jotzen ari zen bati aizkora kirtenetik atera eta uretara jausi zitzaion. Garrasika hasi zen hura, esanez:—Ai ene jauna! Bestek utzia nuen!

6 Jainkoaren gizonak galdetu zion:—Nora jausi zaizu?Erakutsi zion hark tokia, eta Eliseok adar bat moztu eta hara bota zuen; orduan, ur-azalean agertu zen aizkora.

7 Eliseok esan zion:—Hartzazu.Eskua luzatu eta hartu egin zuen.

Eliseok siriar gudari batzuk atzeman

8 Siriako erregea liskarretan zebilen Israelgo erregearen kontra. Bere gudalburuekin biltzarra egin zuen batean, esan zien:—Ezar ditzagun guda-etxolak halako tokian.

9 Jainkoaren gizonak, orduan, ohar hau bidali zion Israelgo erregeari: «Kontu! Ez igaro toki hartatik, hara jaitsi baitira siriarrak».

10 Israelgo erregeak gudariak igorri zituen Jainkoaren gizonak esandako tokira. Behin baino gehiagotan gertatu zen hau: Eliseok ohartarazten zuen erregea eta hau erne egoten zen.

11 Urduri zebilen Siriako erregea arazo horrengatik; hala, bere gudalburuei dei egin eta esan zien:—Esadazue gure arteko zein dabilen Israelgo erregearen alde!

12 Gudalburu batek erantzun zion:—Inor ere ez, errege jauna. Israelen bizi den Eliseo profetak jakinarazten dizkio Israelgo erregeari zuk esaniko guztiak, baita logelan esanikoak ere.

13 Erregeak agindu zuen:—Jakizue non den eta harrapatzeko aginduko dut.Dotanen zela adierazi ziotenean,

14 gudari-talde handi bat bidali zuen, zaldi, guda-gurdi eta guzti; gauez heldu eta inguratu egin zuten hiria.

15 Goizean goiz jaiki zen Jainkoaren gizonaren morroia eta, gudariek beren zaldi, guda-gurdi eta guzti hiria inguratua zutela ikustean, esan zion Eliseori:—Ai, ene jauna, zer egin behar dugu orain?

16 Eliseok erantzun:—Ez beldurtu! Ugariagoak ditugu guk geure aldekoak, horiek beren aldekoak baino.

17 Orduan, Eliseok otoitz egin zuen, esanez: «Jauna, ireki iezazkiozu begiak, ikus dezan».Ireki zizkion Jaunak begiak mutilari eta mendi osoa Eliseoren inguruan suzko zaldi eta guda-gurdiz josia zegoela ikusi zuen.

18 Siriarrak Eliseoren aurka abiatu zirenean, profetak otoitz egin zion Jaunari: «Itsutu jende hori!» Eta Jaunak itsutu egin zituen, Eliseok eskatu bezala.

19 Orduan, Eliseok esan zien:—Ez duzue hau bidea, ezta hiria ere. Jarraitu niri, nik gidatuko zaituztet bilatzen ari zareten gizonarengana.Eta Samariara eraman zituen.

20 Samariara heltzean, Eliseok esan zuen:—Ireki iezazkiezu begiak, Jauna, eta ikus dezatela.Ireki zizkien, beraz, Jaunak begiak eta Samaria erdian zeudela ikusi zuten.

21 Israelgo erregeak, begiztatu zituenean, esan zion Eliseori:—Ene aita, hilko al ditut?

22 Eliseok erantzun:—Ez, ez hil! Ezpataz nahiz geziz hiltzen al dituzu, bada, preso hartzen dituzunak? Emaizkiezu ogia eta ura, jan eta edan dezaten. Eta doazela, gero, beren nagusiagana.

23 Otordu handia eman zien orduan erregeak. Jan eta edan zutenean, agurtu egin zituen eta haiek beren nagusiagana itzuli ziren. Aurrerantzean ez zen Israel lurraldean siriar talderik sartu.

Samaria setiatua

24 Beste batean, Siriako errege Ben-Hadadek, bere gudaroste osoa bildurik, setiatu egin zuen Samaria.

25 Hain gogor setiatu zuen, izugarrizko gosetea izan baitzen Samarian; astaburu bakar batek zilarrezko laurogei txanpon balio zuen, eta kilo erdi uso-zirinek zilarrezko bost txanpon.

26 Haietako egun batean, Israelgo erregea harresian zebilelarik, emakume batek honela egin zion oihu:—Lagun iezadazu, ene errege jauna!

27 —Jaunak laguntzen ez badizu, zerez lagunduko dizut nik? Ez dut ogirik, ez ardorik.

28 Gero galdetu zion erregeak:—Zer gertatzen zaizu, bada?Emakumeak erantzun:—Hara, emakume horrek lehengoan esan zidan: «Eman zeure semea gaur, jan dezagun; bihar nirea jango dugu».

29 Egosi genuen, beraz, nire semea eta jan. Biharamunean, berea emateko esan nion, jan egin behar genuela eta. Baina gorde egin du.

30 Erregeak, emakume haren hitzak aditzean, urratu egin zituen jantziak. Harresian zebilenez, ikusi zuen herriak zaku-jantzia zeramala erregeak soinekoen azpitik, larru gainean.

31 Erregeak esan zuen:—Zigor nazala gogor Jaunak, baldin eta Xafaten seme Eliseoren burua gaur lepo gainean gelditzen bada.

Eliseok gosetearen bukaera iragarri

32 Etxean zegoen Eliseo, hiriko arduradunekin bildua. Erregeak gizon bat bidali zuen aurretik; gizon hura Eliseogana heldu baino lehen, ordea, honek esan zien arduradunei:—Ikusten al duzue? Hiltzailekume horrek gizon bat bidali du, niri burua mozteko. Beraz, gizon hori heltzean, itxi atea eta ez utzi sartzen. Ez al dituzue sumatzen horren atzetik beraren jaunaren oin-hotsak?

33 Eliseo hizketan ari zelarik, heldu zen mezularia eta esan zion:—Begira, hondamendi hau Jaunak bidalia da. Zer itxaron dezaket Jaunarengandik?

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25