3 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Amatziasek; ez, ordea, David bere arbasoak bezain zintzo. Bere aita Joaxen antzera jokatu zuen Amatziasek ere.
4 Baina ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak; jendeak kultu-leku haietan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen.
5 Bere erregetzan sendotu zenean, bere aita Joax hil zuten funtzionarioak hilarazi egin zituen Amatziasek.
6 Hala ere, ez zituen hilarazi hiltzaile haien semeak, Moisesen legean Jaunaren agindu hau baitago idatzia: «Ez hil gurasoak seme-alaben erruengatik, ezta seme-alabak ere gurasoen erruengatik. Nor bere erruengatik hilko da».
7 Amatziasek hamar mila gudari edomdar menderatu zituen Gesaltza haranean. Gudukatze hartan Sela eskuratu zuen, eta Jokteel izena ezarri zion. Gaur arte dirau izen horrek.
8 Orduan, Amatziasek mezulariak igorri zizkion Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, esatera: «Zatoz, neur ditzagun indarrak!»
9 Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez, garduak esan omen zion Libanoko zedroari: “Emaiok alaba nire semeari emaztetzat”. Baina Libanoko basabere batek hankazpian hartu zuen gardua.