2 Hogei urte zituen Akazek orduan, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Ez zuen egin Jaunari, bere Jainkoari, atsegin zaiona, bere arbaso Davidek ez bezala.
3 Israelgo erregeen jokabidea hartu zuen; bere semeetako bat oparitzat erre ere egin zuen, Jaunak israeldarren aurretik egotziak zituen jentil haien ohitura higuingarriei jarraituz.
4 Muinoetako kultu-lekuetan eta edozein zuhaitz handiren azpian, opariak eskaini eta intsentsua erre ohi zuen.
5 Aldi hartan, Siriako errege Retzin eta Israelgo errege Pekah, Ramaliasen semea, Jerusalemen kontra borrokara igo ziren; Akaz setiatu zuten, baina ezin izan zuten hiria hartu.
6 Aldi berean, Siriako errege Retzinek Elat hiria berreskuratu zuen siriarrentzat; juduak Elatetik bota ondoren, edomdarrak kokatu ziren bertan, eta han bizi dira gaurdaino.
7 Orduan, Akazek mezulariak bidali zizkion Asiriako errege Tiglat-Pileserri mezu honekin: «Zeure zerbitzari eta menpeko nauzu; zatoz eta salba nazazu eraso didaten Siriako eta Israelgo erregeen eskuetatik».
8 Hartu zituen Akazek Jaunaren etxean eta jauregiko altxortegian zeuden urre-zilarrak eta Asiriako erregeari bidali zizkion esku-erakutsi bezala.