16 Jaunaren, beren Jainkoaren, aginduak baztertuz, bi zekor-irudi egin zituzten, baita zutoin sakratua ere; izarren aurrean ahuspeztu ziren eta Baal jainkoa gurtu zuten.
17 Beren seme-alabak oparitzat eskaini zituzten, sutan errez; igarpenak eta aztikeriak egin zituzten eta Jaunari atsegin ez zaiona egitera emanak ibili ziren, Jauna haserraraziz.
18 Biziki haserretu zen, bai, Jauna Israelen kontra, eta horregatik bota zituen bere begien aurretik. Judaren leinua baizik ez zen gelditu.
19 Judak ere, ordea, Jaunaren, bere Jainkoaren, aginduak bete ordez, Israelen erara jokatu zuen.
20 Horregatik, Jaunak zapuztu egin zuen Israelen jatorri osoa, makurrarazi, lapurren esku utziz, eta, azkenean, bere begien aurretik bota.
21 Israelek, Daviden erreinutik bereizi zen hartan, Nebaten seme Jeroboam izendatu zuen errege, eta errege honek aldendu egin zuen Israel Jaunaren esanetatik, bekatu handia eginaraziz.
22 Jeroboamek eginiko bekatu guztiak egin zituzten israeldarrek ere, bekatu horietatik ezertan urrundu gabe.