4 Jainko bizia laidotzera bidali du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Entzungo al zituen Jaunak, zure Jainkoak, hark esan dituen irainak, eta zigortuko al du, entzun behar izan dituen irain guztiengatik! Eta zuk egizu otoitz oraindik bizirik dirautenen alde».
5 Hala, joan ziren Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasengana.
6 Isaiasek erantzun zien: «Emaiozue zeuen nagusiari Jaunaren mezu hau: “Ez beldurtu entzun dituzun hitzengatik; ni iraintzeko esan dituzte halakoak Asiriako erregearen ofizial horiek.
7 Hara, zurrumurruren bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurraldera itzuliko da. Han hil egingo dute ezpataz”».
8 Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna hiriari erasotzera, eta han aurkitu zuen.
9 Handik, Etiopiako errege Tirhaka borrokatzeko asmoz zetorkiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak bidali zizkion berriro Ezekiasi,
10 Judako erregeari, esatera: «Ustea berarengan duzun arren, ez zaitzala engaina zeure Jainko horrek, Jerusalem nire eskuetan ez dela eroriko esaten dizunean.