11 Orduan, Isaias profetak otoitz egin zion Jaunari eta ordurako jaitsiak zituen hamar mailak berriro igoarazi zizkion Jaunak itzalari Akazen mailadian.
12 Aldi hartan, Baladanen seme Merodak-Baladan Babiloniako erregeak, Ezekias gaixorik egona zela jakin zuelarik, gutuna eta erregaluak bidali zizkion.
13 Ezekiasek ongi hartu zituen mandatariak eta bere gordailu guztiak, hango zilar, urre, lurrin eta usain gozoko olioak, erakutsi zizkien, baita bere armategia eta bere altxortegian zituen ondasun guztiak ere. Ez zien deus ere erakutsi gabe utzi, ez bere jauregian, ez erresuma osoan.
14 Orduan, Isaias profetak, Ezekiasengana joan eta galdetu zion:—Zer esan dizute gizon horiek? Nondik etorri zaizkizu?Ezekiasek erantzun:—Urrutitik etorri dira, Babiloniatik.
15 Isaiasek, berriro:—Zer ikusi dute zure jauregian?Eta Ezekiasek erantzun:—Etxean daukadan guztia ikusi dute. Ez diet neure altxortegiko deus ere erakutsi gabe utzi.
16 Isaiasek, orduan, Ezekiasi:—Entzun Jaunak dioena:
17 «Egunen batean —eta badator egun hori—, etxean daukazun guztia, zure aurrekoek gaurdaino bildu duten guztia, Babiloniara eramango dute. Ez da ezer ere geldituko —dio Jaunak—.