19 Israelgo erregeek eraikiak zituzten muinoetako kultu-lekuak Samariako hirietan ere, Jainkoa haserraraziz; Josiasek bota egin zituen halako eraikuntza guztiak ere, Betelgoa bezalaxe.
20 Kultu-leku haietako apaizei lepoa moztu zien aldare gainean eta giza hezurrak erre zituen aldare haien gainean.Ondoren, Jerusalemera itzuli zen.
21 Orduan, Josias erregeak agindu zion herri osoari:—Ospa ezazue Pazko-jaia Jaunaren, zeuen Jainkoaren, ohoretan, itun-liburu honetan idatzia dagoen bezala.
22 Epaileek Israel gobernatu zutenez geroztik, eta Israelgo nahiz Judako erregeen aldi osoan, ez zen hura bezalako Pazko-jairik ospatu izan.
23 Josiasen erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuten Pazko-jai hura Jerusalemen Jaunaren ohoretan.
24 Hilkias apaizak Jaunaren etxean aurkitu zuen lege-liburuko aginduak betez, Josiasek desagerrarazi egin zituen Jerusalemdik eta Juda lurralde osotik hildakoen espirituei dei egiten zieten guztiak eta igarleak; eta etxe-jainkoen irudiak, idoloak eta irudi nazkagarriak hautsi egin zituen.
25 Ez Josiasen aurretik, ez ondotik ez zen izan bere bihotz, gogo eta indar guztiaz Jaunarengana itzuli zen beste erregerik; denetan bete zituen Josiasek Moisesen irakaspenak.