21 Orduan, Josias erregeak agindu zion herri osoari:—Ospa ezazue Pazko-jaia Jaunaren, zeuen Jainkoaren, ohoretan, itun-liburu honetan idatzia dagoen bezala.
22 Epaileek Israel gobernatu zutenez geroztik, eta Israelgo nahiz Judako erregeen aldi osoan, ez zen hura bezalako Pazko-jairik ospatu izan.
23 Josiasen erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuten Pazko-jai hura Jerusalemen Jaunaren ohoretan.
24 Hilkias apaizak Jaunaren etxean aurkitu zuen lege-liburuko aginduak betez, Josiasek desagerrarazi egin zituen Jerusalemdik eta Juda lurralde osotik hildakoen espirituei dei egiten zieten guztiak eta igarleak; eta etxe-jainkoen irudiak, idoloak eta irudi nazkagarriak hautsi egin zituen.
25 Ez Josiasen aurretik, ez ondotik ez zen izan bere bihotz, gogo eta indar guztiaz Jaunarengana itzuli zen beste erregerik; denetan bete zituen Josiasek Moisesen irakaspenak.
26 Hala ere, Jaunari ez zitzaion baretu Judaren kontra zuen haserre bizia, Manasesek egin zizkion irain izugarriak zirela eta.
27 Esan zuen Jaunak: «Urrundu egingo dut neure aurretik Juda ere, Israel urrundu nuen bezala. Zapuztu egingo ditut aukeratu nuen Jerusalem hiria eta egonlekutzat hartua nuen tenplua».