2 Erregeak 23:6-12 EAB

6 Tenpluan zegoen zutoin sakratua Jerusalemdik kanpora aterarazi eta Zedron errekan erre zuen; erabat erraustu eta errautsak jende arruntaren hilobira bota zituen.

7 Tenpluan prostituzio sakraturako erabili ohi ziren gelak ere desegin zituen; gela haietan ehotzen zituzten emakumeek Axera jainkosaren irudiei aterpeak egiteko oihalak.

8 Ondoren, Judako hirixketan, Gebatik Beer-Xebaraino, muinoetako kultu-lekuetan intsentsua erretzen zuten apaizak Jerusalemera etorrarazi zituen, eta kultu-leku haiek profanatu. Jerusalemgo ateetan ziren kultu-lekuak ere desegin zituen, bereziki Josue gobernariaren atetik hirian sartzean ezkerraldera zegoena.

9 Hala ere, kultu-lekuetako apaiz haiek ezin ziren igo Jaunaren aldarera Jerusalemgo tenpluan; baina jan zezaketen, gainerako apaizekin batera, legamia gabeko ogia.

10 Ben-Hinom deritzan haranean zegoen Tofeteko erretegia ere profanatu zuen; horrela, ezin izango zion inork ere suari eman bere seme nahiz alabarik, Molok sasijainkoari eskaintzeko.

11 Era berean, kendu egin zituen Judako erregeek eguzkiaren kulturako ezarriak zituzten zaldi-irudiak; hauek Jaunaren etxeko sarreran zeuden, tenpluari erantsitako aterpe batzuetan, Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gela ondoan. Eta erre egin zituen eguzkiaren kulturako gurdiak.

12 Gainera, Judako erregeek Akazen goi-gelaren gainean eraikiak zituzten aldareak desegin zituen; orobat Jaunaren etxeko bi atarietan Manasesek eraikiak zituenak ere. Bertan hautsi eta Zedron errekara jaurti zituen puskak.