2 Kronikak 11 EAB

1 Jerusalemera heltzean, Juda eta Benjaminen leinuetako jende guztia bildu zuen Roboamek: aukerako ehun eta laurogei mila gizon, gudurako gai. Israeldarren aurka borrokatzeko asmoa zuten eta erreinua Roboamentzat berreskuratzekoa.

2 Jaunak, ordea, honela hitz egin zion Jainkoaren gizon zen Xemaiasi:

3 «Esaiezu Salomonen seme eta Judako errege Roboami eta Juda nahiz Benjaminen lurraldean bizi diren israeldar guztiei:

4 “Hau dio Jaunak: Ez joan zeuen senide dituzuen israeldarren kontra borrokatzera. Itzul bedi nor bere etxera, nire erabakiz gertatu baita gertatu dena”».Jaunaren hitza aditu eta bertan behera utzi zuten Jeroboamen kontra borrokatzeko asmoa.

Roboamek zenbait hiri gotortu

5 Roboamek, Jerusalemen kokatu zenean, Judako zenbait hiri gotortu egin zuen.

6 Hona hemen gotortu zituen hiriak: Belen, Etam, Tekoa,

7 Bet-Tzur, Soko, Adulam,

8 Gat, Marexa, Zif,

9 Adoraim, Lakix, Azeka,

10 Tzora, Aialon eta Hebron. Hiri gotortu hauek Juda eta Benjaminen lurraldeetan zeuden.

11 Gotorlekuak sendotu ondoren, arduradunak ezarri zituen bertan, eta janariz, olioz eta ardoz hornitu zituen,

12 baita babeski eta lantzaz ere, hiri bakoitza erabat gotortua utziz. Judako eta Benjamingo jendea bere menpe zuen Roboamek.

Iparraldeko apaiz eta lebitarrak Juda erreinuan babestu

13 Iparraldeko Israel erreinu osotik apaizak eta lebitarrak, beren lurraldeak utzirik, Roboamen aldera igaro ziren.

14 Lebitarrak, beren larre eta lurrak utzirik, Juda eta Jerusalemera etorri ziren, Jeroboamek eta beronen semeek galarazi egin baitzieten Jaunarekiko apaiz-eginkizuna betetzea.

15 Izan ere, Jeroboamek, bere kabuz, beste apaiz batzuk ezarri zituen muinoetako kultu-lekuetan, berak eginiko aker- nahiz zekor-irudiei kultu eman ziezaieten.

16 Eta lebitarren ondoren, Jauna, Israelen Jainkoa, benetan gurtu nahi zuten guztiak ere Jerusalemera etorri ziren Israelgo leinu guztietatik, Jaunari, beren arbasoen Jainkoari, opariak eskaintzera.

17 Horrela, Juda erreinua indartu zuten eta Salomonen seme Roboami eusten lagundu. Hala izan zen hiru urtez, Daviden eta Salomonen bidean ibili baitziren hiru urte haietan.

Roboamen senitartea

18 Roboamek Mahalat hartu zuen emazte; Jerimoten alaba zen, Daviden eta Abihailen semearen alaba. Abihailen aita, Jeseren seme Eliab izan zen.

19 Mahalatek hiru seme ekarri zizkion: Jeux, Xemarias eta Zaham.

20 Gerora, Absalomen alaba Maaka ere hartu zuen emazte, eta honek Abias, Atai, Ziza eta Xelomit ekarri zizkion.

21 Absalomen alaba Maaka izan zuen Roboamek maiteena bere emazte eta ohaide guztien artean. Orotara hemezortzi emazte, hirurogei ohaide, hogeita zortzi seme eta hirurogei alaba izan zituen.

22 Maakaren seme Abias ezarri zuen Roboamek anaien buru, bere ondorengo errege egin nahi baitzuen.

23 Zentzu onez, sakabanatu egin zituen Roboamek bere seme guztiak Juda eta Benjaminen lurraldeetako gotorlekuetan barrena, janari ugari emanez eta emakume asko eskuratuz.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36