2 Kronikak 35 EAB

Josiasek Pazkoa ospatu

1 Josiasek Pazkoa ospatu zuen Jerusalemen, Jaunaren ohoretan. Lehen hilabeteko hamalauan Pazko-bildotsa hil zuten.

2 Apaizak beren eginkizuna betetzera bultzatu zituen Josiasek, eta Jaunaren etxean zerbitzua egin zezaten suspertu.

3 Eta Israel osoari irakatsi ohi zioten eta Jaunarentzat sagaratuak zeuden lebitarrei esan zien Josiasek: «Zerbitza ezazue Jauna, zeuen Jainkoa, eta Israel herria. Aurrerantzean ez duzue kutxa sakratua bizkarrean eraman beharrik izango, zeren eta Israelgo errege eta Daviden seme izan zen Salomonek eraikitako tenpluan ezarria baitago jadanik.

4 Antola zaitezte senitarteka zeuen eginkizunen arabera, Israelgo errege Daviden eta beronen seme Salomonen idatzietan agindua dagoenez.

5 Jar zaitezte tenpluan zeuen senide dituzuen herritar guztien zerbitzura. Lebitarron senitarte bakoitzak lagun diezaiola herriko senitarte-talde bati

6 Pazko-bildotsa hiltzen. Egin ezazue zeuen buruaren garbikuntza, eta lagundu zeuen senide israeldarrei Pazkoa ospatzen, Moisesen bidez Jaunak agindutakoaren arabera».

7 Josias erregeak, bere ondasunetatik, hogeita hamar mila bildots eta antxume eman zizkien han ziren herritar guztiei, Pazko-opariak eskain zitzaten, eta beste hiru mila idi ere bai.

8 Erregearen ministroek ere abere ugari eman zieten bai jendeari, bai apaiz eta lebitarrei ere. Jainkoaren etxeko arduradun ziren Hilkiasek, Zakariasek eta Jehielek ere bi mila eta seiehun Pazko-bildots eta hirurehun idi eman zizkieten apaizei Pazko-oparitarako.

9 Lebitarburu ziren Konaniasek eta beronen senide Xemaiasek eta Netanelek, baita Haxabiasek, Jeielek eta Jozabadek ere bost mila bildots eta bostehun idi eman zizkieten lebitarrei Pazko-oparitarako.

10 Pazko-ospakuntza honela eratu zuten: apaizak beren tokietan jarri ziren, baita lebitarrak ere beren mailen arabera, erregeak agindu bezala.

11 Pazko-bildotsak hil ondoren, apaizek, lebitarren eskuetatik hartutako odola zirtatu egiten zuten; bitartean, lebitarrek larrutu egiten zituzten eskainitako abereak.

12 Senitarteka harturik, zegokien zatia herritarrei eman ondoren, aparte jartzen zuten Jaunari erre-oparitzat eskaini beharrekoa, Moisesen liburuan idatzia dagoen bezala, eta hori bera egiten zuten idiekin.

13 Gero, erre zuten Pazko-bildotsa, agindua dagoen bezala, eta gaineratiko eskaintzak eltze, pertz eta lapikoetan egosi eta herritarren artean banatu zituzten arretaz.

14 Ondoren, berentzat eta apaizentzat prestatu zuten lebitarrek Pazko-afaria; izan ere, Aaronen ondorengo ziren apaizek arratsa arte jardun zuten opariak eta gantzak erretzen.

15 Asafen ondorengo ziren kantariek beren lanean jardun zuten, Davidek, Asafek, Hemanek eta erregearen profeta zen Jedutunek agindutakoaren arabera. Atezainak ere beren tokietan egon ziren. Ez zuten beren zerbitzua utzi beharrik izan, beraien kideko ziren lebitarrek prestatu baitzieten haiei ere Pazko-afaria.

16 Horrelaxe eratu zen egun hartan Jaunaren zerbitzua Pazkoa ospatzeko eta Jaunaren aldarean erre-opariak eskaintzeko, Josias erregeak agindu bezala.

17 Egun hartan, han ziren israeldarrek Pazko-jaia ospatu zuten eta, gainera, Legamia gabeko Ogien Jaia zazpi egunez.

18 Ez zen Israelen halako Pazko-jairik inoiz ospatu izan Samuel profetaren egunez geroztik. Israelgo errege batek ere ez zuen ospatu izan Josiasek ospatu zuena bezalako Pazko-jairik, apaizak, lebitarrak, Juda eta Israel osoko eta Jerusalemgo bizilagunak bertan zirelarik.

19 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuen Josiasek Pazko-jai hura.

Josiasen erregealdiaren bukaera

20 Honen guztiaren ondoren, Josiasek tenplua berriztatua zuelarik, Egiptoko Neko erregea Eufrates ibai ondoan zegoen Karkemix hiriari erasotzera etorri zen. Josiasek aurre egin zion,

21 baina Nekok mezulariak bidali zizkion esatera: «Ez dugu deus ere elkarren kontra, Judako errege. Ez nator zure kontra, gerra egiten ari zaidan beste errege-etxe baten kontra baizik. Bizkor ibiltzeko esan dit Jainkoak. Ez jarri zuk eragozpenik Jainkoari, neure alde baitut; bestela, hondatu egingo zaitu».

22 Josiasek, ordea, ez zuen atzera egin, egiptoarraren kontra borrokatzeko egokieraren bila baitzebilen. Jainkoaren eraginez, Nekok eman zion oharra aditu gabe, Megidoko lautadan guduari ekin zion Josiasek.

23 Arkulariek geziak jaurti eta zauritu egin zuten Josias. Orduan, esan zien erregeak bere zerbitzariei: «Atera nazazue hemendik, larriki zauritua nago eta».

24 Zerbitzariek erregea bere guda-gurditik hartu, beste guda-gurdi batera igo eta Jerusalemera eraman zuten. Han hil zen, eta bere arbasoen hilobian ehortzi zuten. Juda eta Jerusalem osoak egin zuen dolu Josiasengatik.

25 Jeremias profetak negar-kanta bat egin zuen Josiasi buruz. Gizon-emakume kantari guztiek aipatzen dute gaurdaino Josias beren negar-kantuetan. Ohitura bihurtu da hori Israelen. «Negar Kantak» izeneko liburuan daude idatzirik.

26 Josiasen gainerako jarduerak, Jaunaren legea betetzeko izan zuen leialtasuna

27 eta beste egintzak, lehenengotik azkenekora, «Israelgo eta Judako Erregeen Liburuan» daude idatziak.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36