2 Kronikak 17 EAB

Josafat, Judako errege

1 Asaren ondorengo erregea beraren seme Josafat izan zen. Josafat sendotu egin zen Israelen kontra.

2 Gudari-taldeak ezarri zituen Judako hiri gotor guztietan eta gobernariak Judako lurraldean; orobat, bere aita Asak Efraimgo lurraldean eskuratuak zituen hirietan.

3 Bere alde izan zuen Jauna Josafatek, bere arbaso Daviden lehenengo jokaera bera izan zuelako, Baalen idoloetara jo gabe.

4 Bere aitaren Jainkoarengana jo zuen eta beronen aginduak bete. Ez zuen jokatu iparraldeko israeldarren antzera.

5 Jaunak sendotu egin zion erregetza. Judako jende guztiak esku-erakutsiak egiten zizkion Josafati; horregatik, oso aberats eta ospetsu bilakatu zen.

6 Bere gogorik handiena Jaunaren bideetan aurrera egitea izan zuenez, Judako kultu-lekuak eta zutoin sakratuak desagerrarazi zituen.

7 Bere erregealdiko hirugarren urtean, Ben-Hail, Obadias, Zakarias, Netanel eta Mikeas funtzionarioak bidali zituen, Judako herri guztietan irakastera.

8 Haiekin batera Xemaias, Netanias, Zebadias, Asahel, Xemiramot, Jonatan, Adonias, Tobias eta Tob-Adonias lebitarrak eta Elixama eta Joram apaizak ere bidali zituen.

9 Jaunaren lege-liburua berekin harturik, herriz herri ibili ziren Judako lurraldean herriari irakasten.

Josafaten indar militarra

10 Jaunak beldurra sartu zien Judaren inguruetako erresuma guztiei, eta ez zuten gerrarik egin Josafaten aurka.

11 Gainera, filistear batzuek esku-erakutsiak eta zergatzat zilarra ekartzen zizkioten Josafati; arabiarrek, berriz, abereak ematen zizkioten: zazpi mila eta zazpiehun ahari eta beste horrenbeste aker.

12 Josafat gero eta indartsuago egiten ari zen. Gotorlekuak eta janari-biltegi izateko hiriak eraiki zituen Judan.

13 Ondasun ugari zuen Judako hirietan eta gudari ausartak Jerusalemen,

14 senitarteka banatuak. Hona hemen Judako gudarien buruzagi nagusiak: gudalburua Adna, hirurehun mila gudari ausart bere menpe zituela;

15 honen menpean Johanan, berrehun eta laurogei mila gudariren buru;

16 honen menpean Zikriren seme Amasias, Jaunaren zerbitzuan bere borondatez ari zena, berrehun mila gudari ausarten buru.

17 Benjamingoen buruzagia gudari ausart bat zen, Elias, arku eta babeskiz armaturiko berrehun mila gizonen buru;

18 honen menpean Jozabad, ehun eta laurogei mila gizon armaturen buru.

19 Hauek guztiak erregearen esanetara zeuden; baita erregeak Juda osoko hiri gotortuetan ezarri zituenak ere.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36