1 Hamabi urte zituen Manasesek errege izaten hastean, eta berrogeita hamabost urtez izan zen errege Jerusalemen.
2 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Jaunak israeldarren aurretik bota zituen herrien ohitura higuingarrien arabera jokatuz.
3 Bere aita Ezekiasek deseginak zituen muinoetako kultu-lekuak berreraiki zituen eta aldareak egin Baalen kulturako; zutoin sakratuak ere egin zituen eta izar guztien aurrean ahuspeztu zen, kultu emanez.
4 Aldareak ezarri zituen Jaunaren etxean, tenplu hartaz Jaunak hau esana zuen arren: «Jerusalem dut neure egoitza betiko».
5 Izar guztien omenez aldareak eraiki zituen Jaunaren etxeko bi atarietan.
6 Bere semeak oparitzat eskaini zituen Ben-Hinom haranean, sutan errez. Igarketa, aztikeria eta sorginkeriatan ibili zen; jarduteko aukera eman zien nekromante eta igarleei. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen etengabe, Jauna haserraraziz.
7 Gainera, berak eginiko idoloaren irudia ezarri zuen Jainkoaren etxean, Jainkoak tenpluari buruz Davidi eta beronen seme Salomoni hau esana zien arren: «Tenplu hau eta Israelgo leinu guztien artean aukeratu dudan Jerusalem hiria izanen ditut beti neure egoitza.
8 Ez dut Israel bere arbasoei eman nien lurraldetik urrun ibilaraziko, baldin eta Moisesen bidez agindu dizkiedan irakaspen, arau eta erabaki guztiak betetzen badituzte».
9 Manasesek, aldiz, okerbideratu egin zituen Judako eta Jerusalemgo bizilagunak, eta antzina Jaunak israeldarren aurretik suntsitu zituen herriek baino askoz okerrago jokarazi zien.
10 Ohartarazi zituen Jaunak Manases eta bere herria, baina ez zioten aditu.
11 Orduan, Jaunak Asiriako erregearen gudalburuak etorrarazi zituen haien kontra, eta gudalburuek Manases burdinazko kakoz harrapatu, brontzezko bi katez lotu eta Babiloniara eraman zuten.
12 Bere burua halako larrialdian ikusirik, Jauna, bere Jainkoa, baretzen saiatu zen Manases, bere arbasoen Jainkoaren aurrean apal-apal eginez
13 eta berari otoitza zuzenduz. Jaunak onez aditu eta entzun zion eskaria, eta Jerusalemera, bere erreinura, itzularazi zuen. Orduan, Jauna egiazko Jainkoa dela aitortu zuen Manasesek.
14 Jerusalemera itzulirik, altuera handiko harresia eginarazi zuen Daviden Hiriaren kanpoaldetik: Gihon iturriaren mendebaldetik hasi eta, Zedron haranean zehar, Arrain ateraino, Ofel auzategia inguratuz. Eta Judako hiri gotor guztietan buruzagiak ezarri zituen.
15 Kendu zituen Jaunaren etxetik jainko arrotzak eta idoloa, eta hiritik kanpora bota zituen tenplua zegoeneko mendixkan eta Jerusalemen berak lehen eraikitako aldareak.
16 Eta Jaunaren aldarea berriztaturik, elkartasun- eta esker oneko opariak eskaini zituen bertan, eta Jauna, Israelen Jainkoa, gurtzeko agindu zion Judari.
17 Hala ere, herriak muinoetako kultu-lekuetan opariak eskaintzen jarraitzen zuen, baina Jaunari, bere Jainkoari, bakarrik.
18 Manasesen gainerako egintzak, bere Jainkoari egin zion otoitza eta profetek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean eman zizkioten mezuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.
19 Hark eginiko otoitza eta Jaunak nola entzun zion, nolako bekatu eta makurkeriak egin zituen eta, damutu aurretik, kultu-lekuak, zutoin sakratu eta idoloak zein tokitan eraiki zituen «Ikusleen Kronika» deritzan liburuan daude idatziak.
20 Hil zenean, bere etxe ondoan lur eman zioten Manasesi. Ondorengo erregea haren seme Amon izan zen.
21 Hogeita bi urte zituen Amonek errege izaten hastean, eta bi urtez izan zen errege Jerusalemen.
22 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, beraren aita Manasesek bezala, eta hark eginiko idolo guztiei opariak eskaini eta kultu eman zien Amonek.
23 Gainera, beraren aita Manases bezala Jaunaren aurrean apaldu ordez, geroz eta okerkeria gehiago egin zuen.
24 Ofizialek, beraren kontra azpilana eginik, hil egin zuten Amon jauregian bertan.
25 Baina herriko jendeak hil egin zituen erregearen aurka jaiki ziren guztiak, eta haren seme Josias izendatu zuen errege, aitaren ordez.