2 Kronikak 9 EAB

Sabako erregina Salomon ikustera

1 Salomonek nolako izena zuen aditurik, Sabako erregina etorri zitzaion, asmakariak ipiniz probatzera. Lagun-talde handia berekin zuela, usaingarriz, urre ugariz eta harribitxiz zamaturiko gameluak zekartzala heldu zen Jerusalemera. Salomonengana joanik, buruan zituen arazo guztiez mintzatu zitzaion.

2 Salomonek denei eman zien erantzuna; ez zen izan erregeak erantzunezineko galdera ilunik.

3 Ikusi zuen Sabako erreginak Salomonen jakinduria nolakoa zen, nolakoa hark eraikitako jauregia,

4 nolako janariak zeuden haren mahaian, nolako biziera dotorea zeramaten haren funtzionarioek, zein lirain eta ongi jantziak zeuden haren mahai-zerbitzariak eta edari-emaileak, baita nolako erre-opariak eskaini ohi zituen Jaunaren etxean ere, eta harri eta zur gelditu zen.

5 Eta esan zion erregeari: «Egia zen, bai, neure herrian zure egintzez eta jakinduriaz aditua nuena.

6 Ez nuen sinesten, harik eta neu etorri eta neure begiz ikusi dudan arte. Alafede! Erdia ere ez zidaten esan zure jakinduriaren handiaz! Aditua nuena baino askoz handiagoa da zure ospea.

7 Dohatsua zure jendea, dohatsuak zure jakinduria entzunez beti zure aurrean dauden zerbitzariak!

8 Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, bere errege-aulkian ezarri nahi izan baitzaitu bera zerbitza dezazun! Beti iraunaraziko du zure Jainkoak Israel, maite duelako, eta zu egin zaitu errege, zuzenbidez eta zuzentasunez goberna dezazun».

9 Gero, Sabako erreginak lau mila kilo urre baino gehiago eta, gainera, egundoko usaingarri- eta harribitxi-multzo handia eman zion erregeari. Ez zen behin ere izan Sabako erreginak Salomon erregeari eman ziona bezalako usaingarririk.

10 Bestalde, Huram erregearen itsasgizonek, Salomonekin batera, Ofirko urreaz gainera, zur bikaina eta harribitxiak ere ekarri zituzten.

11 Erregeak sandalo-zurez Jaunaren etxea eta bere jauregia jantzi eta kantarientzat zitarak eta harpak egin zituen. Ordu arte ez zen ikusi halakorik Juda lurraldean.

12 Salomon erregeak ere Sabako erreginak nahi izan eta eskatu zion guztia eman zion, Sabakoak Salomoni erregalatua ziona baino gehiago. Ondoren, erregina bere herrialdera itzuli zen bere zerbitzariekin.

Salomonen aberastasunak

13 Urte oroz Salomoni hogeita bi mila kilo inguru urre etorri ohi zitzaion,

14 eta hori, bidaiariek eta merkatariek, Arabiako errege guztiek eta Israel lurraldeko gobernariek ordaintzen zizkioten urre-zilarrak zenbatu gabe.

15 Salomon erregeak berrehun babeski handi egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia zazpi kilo urre behar izan zelarik.

16 Beste hirurehun babeski txiki ere egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko hiru kilo eta erdi urre behar izan zelarik. Eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregian ipini zituen.

17 Marfilezko errege-aulki bikain bat ere eginarazi zuen erregeak, eta urre hutsez jantzi.

18 Sei maila zituen errege-aulkiak eta, berari atxikiak, oin-aulkia eta jarlekuaren alde banatan, besoak. Besoen ondoan bi lehoi zeuden zutik,

19 eta beste hamabi lehoi sei mailen alde banatan. Ez zen inongo erresumatan sekula halakorik egin.

20 Salomon erregearen edalontziak oro urrezkoak ziren, eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregiko ontzi guztiak ere urre hutsezkoak. Zilarra ez zuten aintzakotzat hartzen Salomonen garaian.

21 Izan ere, bazituen erregeak, Huram erregearen itsasontziekin batera, Tarsisera joan ohi ziren merkataritza-ontziak; hiru urtez behin, ur handietako merkataritza-ontzi haiek urrez, zilarrez, marfilez, tximinoz eta indioilarrez beteak itzuli ohi ziren.

22 Salomon erregea lurreko beste errege guztiak baino aberatsago eta jakintsuago izan zen.

23 Denek nahi zuten Salomon ikusi, Jainkoak eman zion jakinduriaren berri izateko.

24 Etortzen zirenek nork bere esku-erakutsia ekarri ohi zion: zilarrezko nahiz urrezko gauzak, janzkiak, armak, usainkiak, zaldiak, mandoak. Eta horrelaxe urte oroz.

25 Salomonek lau mila zalditegi zituen, guda-gurdiak eta zaldiak gordetzeko, baita hamabi mila zaldun ere; hirietako gudari-tokietan eta bere ondoan, Jerusalemen, bildu zituen.

26 Eufrates ibaitik filistearren lurralderaino eta Egiptoko mugetaraino errege guztiak menpeko zituen.

27 Salomon erregeak zilarra harriak bezain ugari bildu zuen Jerusalemerako, eta zedroak ere Xefela itsas hegian hazten diren basapikuak bezainbat.

28 Mutzritik eta herrialde guztietatik ekartzen zituen Salomonek zaldiak.

29 Salomonen gainerako jarduerak, lehenengotik azkenera, liburuotan daude idatziak: «Natan Profetaren Kronika», «Xiloko Ahiasen Profezia» eta Nebaten seme Jeroboami buruz «Ido Ikusleak Izaniko Ikuskariak» izeneko liburuetan.

30 Berrogei urtez izan zen Salomon Israel osoko errege Jerusalemen.

31 Hil zenean, beraren aita Daviden Hirian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Roboam izan zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36