2 Kronikak 31 EAB

Ezekiasek erlijio-bizitza berrantolatu

1 Jai haiek bukaturik, bertan izaniko israeldarrak Judako hirietan barrena ibili ziren zutarri sakratuak hausten, zutoin sakratuak ebaki eta kultu-leku eta aldareak desegiten, denak suntsitu arte. Eta hori bera egin zuten Benjamin, Efraim eta Manasesen lurraldeetan ere. Ondoren, israeldar guztiak nor bere hiri eta etxera itzuli ziren.

2 Ezekiasek berrantolatu egin zituen apaiz- eta lebitar-taldeak, bakoitza bere sailaren arabera. Talde bakoitzaren eginkizuna eratu zuen, bai erre-opari eta elkartasun-opariak eskaintzeko, bai kultuaren zerbitzurako, bai gorespenak eta gorazarreak kantatzeko Jaunaren tenplu barruan.

3 Erregeak bere ondasunetatik zati bat eman zuen, goiz eta arratsaldeko erre-opariak, larunbat, ilberri-jai eta jai nagusietako erre-opariak eskaintzeko, Jaunaren legean idatzia dagoenaren arabera;

4 gainera, apaizei eta lebitarrei zegokien partea emateko agindu zien Jerusalemgo bizilagunei, Jaunaren legea betetzen sendo iraun zezaten.

5 Agindua zabaldu zelarik, israeldarrek ugari eman zituzten gari, ardo, olio, ezti eta alorretako emaitza guztien hasikinak; baita horien guztien hamarrenak ere, oparo.

6 Judako beste hirietakoek, baita haietan bizi ziren israeldarrek ere, beren behi, ardi eta beren Jainko Jaunari sagaraturiko beste eskaintzen hamarrenak eman zituzten. Horrela, ondasun-multzo handiak egin ziren.

7 Hirugarren hilabetean hasi ziren multzoak egiten, eta zazpigarrenean bukatu zuten.

8 Ezekiasek eta agintariek, hainbeste multzo ikustean, Jauna eta beronen herri Israel bedeinkatu zituzten.

9 Ezekiasek argitasunak eskatu zizkien apaizei eta lebitarrei multzo haietaz.

10 Tzadoken ondorengoa zen Azarias apaiz nagusiak eman zion erantzuna: «Jaunaren etxera emaitzak ekartzen hasi zirenez geroztik, asetzeko adina janari izan dugu, eta asko utzi dugu sobera. Izan ere, bedeinkatu egin du Jaunak bere herria. Hona hemen zenbat gelditu den sobera».

11 Ezekiasen aginduz, biltegi-gelak prestatu zituzten tenpluan,

12 eta bertara eraman zituzten xuxen emaitzak, hamarrenak eta eskaintza sakratuak. Gauza haien arduradun nagusia Konanias lebitarra zen, eta laguntzailea beraren anaia Ximei.

13 Eta bi hauen ardurapean Jehiel, Azazias, Nahat, Asahel, Jerimot, Jozabad, Eliel, Ismakias, Mahat eta Benaias ziren begirale, Ezekias erregearen eta tenpluko arduradun Azariasen aginduz.

14 Imnaren seme Kore lebitarrak, ekialdeko atea zaintzen zuenak, nork bere borondatez Jainkoari eginiko eskaintzen ardura zuen, eta Jaunarentzako emaitzak eta gauza sakratuak banatzekoa.

15 Koreren ardurapean, Edenek, Miniaminek, Jexuak, Xemaiasek, Amariasek eta Xekaniasek beren apaiz-lagunen artean xuxen banatu behar zituzten emaitzak apaizak bizi ziren hirietan, bakoitzari, handi nahiz txiki, bere mailaren arabera.

16 Emaitza, Jaunaren etxean egunero zerbitzua nork bere talde eta eginkizunaren arabera betetzen zutenei ez ezik, hiru urte zituztenez geroztik erroldan sartuak ziren apaiz-senitarteko gizasemeei ere egin behar zieten.

17 Apaizak senitarteka sartu ohi zituzten erroldan; lebitarrak, berriz, hogei urtez goikoak, beren eginkizun eta mailen arabera.

18 Apaiz lebitarren familia osoak sartu behar zuen erroldan, emazte eta seme-alabekin, hots, senitarte osoak; izan ere, etengabe arduratu behar zuten beren eginkizun sakratuaz.

19 Hiri inguruetako auzategietan bizi ziren Aaronen ondorengo apaizei eta erroldan zeuden lebitarrei zegokiena emateko, gizon batzuk zeuden izendatuak hiri bakoitzean.

20 Horrela egin zuen Ezekiasek Juda osoan; ongi, zuzen eta leial jokatu zuen Jaunaren, bere Jainkoaren aurrean.

21 Jainkoaren etxeko zerbitzurako eta legeari nahiz aginduei buruz egin zuen guztia bere Jainkoaren nahia bihotzez betetzen saiatuz egin zuen, eta dena ongi burutu ahal izan zuen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36