2 Kronikak 19 EAB

1 Judako errege Josafat onik itzuli zen Jerusalemgo bere jauregira.

2 Hananiasen seme Jehu profetak, ordea, bidera irten eta esan zion: «Gaiztoari laguntzen eta Jaunaren etsaia adiskidetzat hartzen, ala? Hori egin duzulako, haserre duzu Jauna.

3 Hala ere, baduzu gauza onik: gure lurraldean zeuden zutoin sakratuak erre eta Jaunarengana jotzen saiatu izana».

Josafaten berrikuntzak

4 Josafatek, aldi batez Jerusalemen egon ondoren, lurralde osoa ikuskatu zuen, Beer-Xebatik Efraimgo mendialderaino, jendea Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, erakarriz;

5 Juda lurraldeko hiri gotortu bakoitzean epaileak ezarri zituen,

6 esanez: «Begira ongi zer egiten duzuen; ez epaitu giza ahalmenez, Jaunaren izenean baizik. Zeuekin izanen duzue bera, epaia ematerakoan.

7 Izan, beraz, begirune Jaunari. Gorde eta bete zuzen dena, Jaunak, zuen Jainkoak, ez baitu bidegabekeriarik, ez norkeriarik egiten, ez eta eskupekorik onartzen».

8 Josafatek Jerusalemen zenbait lebitar, apaiz eta israeldar familiaburu izendatu zituen, Jaunaren izenean epaiak eman eta Jerusalemgo bizilagunen arteko auziak erabaki zitzaten.

9 Josafatek aginduok eman zizkien: «Jaunarekiko begirunez, leial eta jator jardun behar duzue.

10 Zuen herrikideek, auziren bat, hilketa- nahiz lege-arazoren bat, agindu, arau nahiz erabakiei buruzko arazoren bat ekarriz edozein herritatik zuengana jotzean, irakats iezaiezue zer egin, Jaunaren aurrean errudun izan ez daitezen. Bestela, beraien eta zuen kontra izango da Jaunaren haserrea. Jokatu horrela eta ez zarete errudun izango.

11 Erlijio-auzietan Amarias apaiz nagusia izanen duzue buru, eta auzi zibiletan Ixmaelen seme Zebadias, Judaren leinuaren burua. Lebitarrak idazkari izanen dituzue. Izan adore eta ekin! Izan bedi Jauna ongi diharduenarekin!»

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36