1 Asak Jaunaren, bere Jainkoaren, begietan on eta zuzen dena egin zuen.
2 Sasikultuetako aldareak eta muinoetako kultu-lekuak kendu zituen, zutarri sakratuak hautsi eta zutoin sakratuak ebaki.
3 Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, jotzera eta haren irakaspenak eta aginduak betetzera eragin zien Judakoei.
4 Era berean, Judako hiri guztietan ziren kultu-lekuak eta intsentsua erretzeko aldareak kendu egin zituen. Haren erregealdia baketsua izan zen.
5 Lurralde hartan lasaitasuna izan zen, urte haietan ez baitzen haren kontra inolako gerrarik izan, Jaunak bakea eman zionez. Horretaz baliaturik, gotortu egin zuen Judako zenbait hiri.
6 Erregeak esan zion Judako jendeari: «Jaunarengana, geure Jainkoarengana, jo dugunez, berak bakea eman digu alde guztietatik. Lurralde hau geure esku dugun bitartean, gotor ditzagun hiri hauek, harresiz, dorrez, atez eta morroiloz hornituz».Eta halaxe, ongi burutu zituzten eraikin guztiak.
7 Judako hirurehun mila gizonek, babeski handiz eta lantzaz armaturik, eta Benjamingo berrehun eta laurogei mila gizonek, babeski txikiz eta arkuz armaturik, osotzen zuten Asaren gudarostea. Denak gudari ausartak ziren.
8 Behinola, Zerah etiopiarra Asaren kontra abiatu zen, milioi bat gudari eta hirurehun guda-gurdirekin, eta Marexaraino heldu zen.
9 Hari aurre egitera atera zen Asa, eta Tzefata haranean, Marexatik hurbil, jarri ziren gudurako lerrotan.
10 Dei egin zion Asak Jaunari, bere Jainkoari, esanez: «Jauna, zuk bakarrik lagun diezaiokezu ahulari indartsuaren aurrean. Lagun iezaguzu, beraz, gure Jainko Jaun horrek, zu baitzaitugu eusle bakarra, eta zure izenean etorri gara gudaroste izugarri horri aurre egitera. Jauna, zu zaitugu geure Jainkoa. Ez bekizu gizona nagusi».
11 Orduan, Jaunak hondatu egin zituen etiopiarrak Asaren eta Judakoen aitzinean, eta etiopiarrek ihes egin zuten.
12 Asak eta beronen gudarosteak aurrean eraman zituzten Gerar-eraino. Ez zen bizirik bat ere gelditu; denak erori ziren eta hondatu Jaunaren eta beronen gudarostearen aurrean. Asaren gizonek harrapakin asko eskuratu zuten.
13 Gerar inguruko herrixkei ere eraso zieten, haietako jendea arrunt izutua baitzegoen Jaunaren beldurrez, eta harrapakin ugari eskuratu zuten, bai baitzegoen herrixka haietan zer harrapaturik.
14 Abere-bordetan ere sartu ziren, ardi eta gamelu ugari lapurtuz. Ondoren, Jerusalemera itzuli ziren.