1 Jerusalemgo bizilagunek, Joramen ondoren, beronen seme gazteena, Akazias, izendatu zuten errege, seme zaharrago guztiak hil egin baitzituen arabiarrekin batera kanpalekura sartu zen basati-talde hark. Horrela, beraz, Judako errege Joramen seme Akazias gertatu zen errege.
2 Hogeita bi urte zituen errege izaten hastean eta urte bete izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Atalia zuen izena eta Omriren alaba zen.
3 Akaben senitartekoen jokabide bera hartu zuen Akaziasek, bere amak okerrerako aholkuak ematen baitzizkion.
4 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Akaben senitartekoen antzera; izan ere, bere hondamenerako, bere ahaide haiek hartu zituen aholkulari, bere aita hil ondoren.
5 Hauen aholkuz joan zen Akazias, Akaben seme Joram Israelgo erregearekin batera, Galaadeko Ramot hirian Siriako errege Hazaelen kontra borrokatzera. Baina siriarrek zauritu egin zuten Joram.
6 Hau Izreelera itzuli zen, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan Raman egin zizkioten zauriak sendatzera. Joramen seme eta Judako errege Akazias Akaben seme Joram ikustatzera joan zen Izreelera, zauritua baitzegoen hura.
7 Jorami egindako ikustaldi hartaz baliatu zen Jauna Akazias hondatzeko. Izan ere, Joramekin zegoen bitartean, Nimxiren seme Jehuri aurre egitera irten behar izan zuen. Jaunak errege aukeratua zuen Jehu, Akaben errege-etxea suntsitzeko.
8 Jainkoak Akaben errege-etxearekiko zuen epaia betetzean, Judako buruzagiak eta Akaziasek bere zerbitzura zituen ahaideak ere aurkitu eta hil egin zituen Jehuk eta,
9 gero, Akaziasen bila joan zen. Akazias Samarian gorde zen; baina harrapatu eta Jehurengana eraman zuten eta honek hil egin zuen hura ere. Lur eman zioten, Jaunarengana bihotzez jo zuen Josafaten semea zela kontuan izanik. Akaziasen senitartean ez zegoen inor ere errege izateko gai zenik.
10 Akazias zenaren ama Ataliak, semea hila zuela jakitean, Judako errege-etxeko senitarte osoa hiltzea erabaki zuen.
11 Baina Joram errege zenaren alabak, Akaziasen arreba eta Joiada apaizaren emazte Joxabatek, Akaziasen seme Joax hartu, hil behar zituzten errege-senitartekoen artetik atera eta, inudearekin batera, tenpluko logela batean sartu zuen. Horrela atera zuen Ataliaren atzaparretatik, eta ez zuten hil.
12 Sei urtez egon zen Joax bi emakumeekin Jainkoaren etxean gorderik, Atalia lurralde hartan erregina izan zen bitarte guztian.