9 Asak biltzarrera deitu zituen Juda eta Benjamingo bizilagunak; baita Efraim, Manases eta Simeonen lurraldeetatik etorriak zirenak ere. Izan ere, Israelgo jende asko Asaren erreinura igaroa zen, Jauna, Asaren Jainkoa, berarekin zela ikustean.
10 Asaren erregealdiko hamabosgarren urteko hirugarren hilabetean egin zen Jerusalemgo biltzar hura.
11 Egun hartan, etsaiei kendutako harrapakinetarik, zazpiehun idi eta zazpi mila ardi eskaini zizkioten Jaunari.
12 Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, bihotz-bihotzez eta gogo guztiz joko zutela hitzeman zuten,
13 eta norbaitek, txiki nahiz handi, gizaseme nahiz emakume, Jaunarengana, Israelen Jainkoarengana, jotzen ez bazuen, hil egingo zutela.
14 Eta zin egin zioten Jaunari, ozenki eta oihuka, turutak eta adarrak joz.
15 Judako jende guztia pozik zegoen zin eginarengatik, bihotz-bihotzez egin baitzuten. Eta Jaunaren bila gogo osoz ibili zirenez, aurkitu ahal izan zuten eta hark bakea eman zien alde guztietatik.