19 Kehat eta Koreren taldeetako lebitarrek, jaiki eta ahots handiz goretsi zuten Jauna, Israelen Jainkoa.
20 Biharamun goizean Tekoako basamorturantz abiatu ziren. Ateratzean, Josafat zutitu eta honela mintzatu zitzaien: «Entzun, Juda eta Jerusalemgo gizonok. Izan uste on Jaunarengan, zeuen Jainkoarengan, eta seguru izango zarete. Izan konfiantza beraren profetengan, eta garaile aterako zarete!»
21 Gudarostearekin hizketatu ondoren, gudarien aurretik kantari-talde bat ipini zuen, jantzi sakratuak soinean, Jauna goretsiz joan zitezen hau kantatuz:«Goretsi Jauna,haren maitasuna betikoa baita».
22 Gorespen-kantuak hasi orduko, Jaunak liskarrak sorrarazi zituen Judari erasotzera zetozen amondar, moabdar eta Seir mendialdekoen artean, eta beren artean borrokatu ziren.
23 Amondarrek eta moabdarrek, Seirko mendialdekoen kontra oldarturik, hil eta suntsitu egin zituzten denak. Seirko mendialdekoak hondatu zituztenean, besteek elkar triskatu zuten.
24 Judakoek, basamortua ikusten den gailurreraino heldu eta etsaien gudarostea non ote zen begiratzean, lurra gorpuz betea besterik ez zuten ikusi. Ez zen bat ere gelditu bizirik.
25 Josafat, bere gudarostearekin, harrapakinak hartzera joan zen. Zamari asko, janariak, janzkiak eta gauza ederrak aurkitu zituzten, eta eraman zezaketena baino gehiago hartu. Hiru egunez jardun zuten harrapakinak hartzen, hain baitziren ugari.