5 Juda eta Jerusalemgo jendea Jaunaren etxeko atari berriaren aurrean bildurik, Josafatek, batzarraren erdian zutik,
6 otoitz hau egin zuen: «Jauna, gure arbasoen Jainkoa, zu zara Jainko bakarra zeruetan. Zeure menpe dituzu lurreko erresuma guztiak, zeure esku ahalmena eta indarra. Ezin dizu inork ere aurre egin.
7 Zuk, gure Jainko horrek, bota zenituen lurralde honetako herriak zure herri Israel sartu ahala, eta zeure adiskide Abrahamen ondorengoei eman zenien betiko.
8 Hauek bertan kokatu eta santutegia eraiki zizuten, esanez:
9 “Zoritxarren bat, gerra nahiz zigorra, izurritea nahiz gosetea, gertatzean, zu zaudeneko tenplu honetara zure aitzinera etorri eta geure atsekabean zuri oihu eginez gero, zuk entzun eta salbatu egingo gaituzu”.
10 Hona non datozkigun erasoan orain amondarrak, moabdarrak eta Seir mendietakoak. Gure arbasoei, Egiptotik etortzean, ez zenien haien lurraldeetan sartzen utzi; israeldarrek itzulingurua egin zuten eta ez zituzten hondatu.
11 Begira nola ordaintzen diguten orain: zeuk jabetzan eman zenigun lurraldetik gu botatzera datoz.