14 Horregatik, Jaunak zigor ikaragarria bidaliko die, bai zure herriari, bai zure seme-alaba, emazte eta ondasun guztiei.
15 Zeuri ere gaixotasun asko bidaliko dizu, batez ere hesteetako minbizia; egunean baino egunean okerrago joango zara, eritasunaz hesteak kanpora atera arte”».
16 Orduan, Jaunak Joramen kontra xaxatu zituen filistearrak eta etiopiarren auzoko diren arabiarrak.
17 Eraso zioten Judari, sartu eta jauregian aurkitutako ondasun guztiak eraman zituzten, baita erregearen seme-alaba eta emazteak ere. Ez zioten utzi seme txikiena baizik, Joakaz.
18 Ondoren, Jaunak erraietako gaixotasun sendaezinaz jo zuen Joram.
19 Eguna joan eta eguna etorri, bi urteren buruan, eritasunaren eraginez, hesteak atera zitzaizkion eta izugarrizko oinaze artean hil zen. Herriak ez zuen surik egin Joramen omenez, beraren arbasoen omenez egin izan zuen bezala.
20 Hogeita hamabi urte zituen Joramek errege izaten hastean eta zortzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Hil zenean, ez zion inork ere negarrik egin. Daviden Hirian ehortzi zuten, baina ez erregeen hilobian.