11 Orduan, erregearen semea aterarazi, koroa ezarri eta itunaren agiria eman zioten, errege izendatuz. Joiadak eta beronen semeek gantzutu egin zuten, oihukatuz: «Gora erregea!»
12 Lasterka eta erregeari oihuka zebilen jendearen zarata-hotsa entzutean, Atalia Jaunaren etxera zuzendu zen, jendearengana.
13 Eta begiratzean, erregea ikusi zuen oholtzaren gainean zutik, tenpluaren sarreran. Buruzagiak eta turuta-jotzaileak erregearen ondoan zeuden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zebilen, turutaren soinura. Kantariek, beren musika-tresnak joz, gorespen-kantuak zuzentzen zituzten. Orduan, Ataliak, bere soinekoak urratuz, garrasi egin zuen:—Traizioa! Traizioa!
14 Orduan, Joiada apaizak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, agindu zien gudarostearen buruzagi ziren ehuntariei:—Atera ezazue tenplutik, zeuen artetik. Norbaitek jarraitzen badio, hil ezpataz.
15 Atzeman zuten, bada, Atalia eta jauregira, zaldien atera, heldu zenean, bertan hil zuten.
16 Joiadak ituna egin zuen erregearekin eta herri osoarekin, Jaunaren herri izateko.
17 Ondoren, jendeak joan eta lurrera bota zuen Baalen jauretxea; xehe-xehe egin zituen hango aldare eta irudiak, eta Baalen apaiz Matan hil egin zuten aldare aitzinean.