16 Bukatzen utzi gabe, erregeak ihardetsi zion:—Erregearen aholkulari izendatu al haugu? Aski duk! Hiltzea nahi al duk?Profetak hau besterik ez zuen gehitu:—Badakit Jainkoak zu suntsitzea erabaki duela, horrela jokatu eta nire aholkua entzun ez duzulako.
17 Orduan, Judako errege Amatziasek, aholkua eskaturik, mezulariak igorri zizkion Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, esatera: «Zatoz, neur ditzagun indarrak!»
18 Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez garduak esan omen zion Libanoko zedroari: “Emaiok alaba nire semeari emaztetzat”. Baina Libanoko basabere batek hankazpian hartu zuen gardua.
19 Egia da edomdarrak garaitu dituzula eta harro zaudela horregatik. Izan zaitez harro zeure ospeaz, baina egon geldi zeure etxean. Zergatik nahi duzu zoritxarreko borroka hasi? Zeure burua eta zeurekin batera Juda hondatzeko?»
20 Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi izan; erabakia baitzuen Jainkoak Amatzias Joaxen eskuetara ematea, Edomgo sasijainkoengana jo zuelako.
21 Orduan, Israelgo errege Joax igo eta Judako errege Amatziasek eta biek indarrak neurtu zituzten Judako hiri Bet-Xemexen.
22 Israel nagusitu zitzaion Judari eta gudariek ihes egin zuten nork bere etxolara.