11 Beraz, ene semeok, ahalegin zaitezte, zuek hautatu baitzaituzte Jaunak, beraren aurrean zerbitzua egin, kultua eman eta intsentsua erre dezazuen».
12 Hona hemen beren buruak eskaini zituzten lebitarrak: Kehaten ondorengoetarik Amasairen seme Mahat eta Azariasen seme Joel; Merariren ondorengoetarik Abdiren seme Kix eta Jehalelelen seme Azarias; Gerxonen ondorengoetarik Zimaren seme Joah eta Joahen seme Eden;
13 Elitzafanen ondorengoetarik Ximri eta Jeiel; Asafen ondorengoetarik Zakarias eta Matanias;
14 Hemanen ondorengoetarik Jehiel eta Ximei; Jedutunen ondorengoetarik Xemaias eta Uziel.
15 Hauek, beren kidekoak bildu eta beren buruaren garbikuntza egin ondoren, Jaunaren etxearen garbikuntza egitera joan ziren, erregeak agindu eta Jaunak esan bezala.
16 Apaizek Jaunaren etxe barruaren garbikuntza egitera sartu eta kanpora atera zituzten, tenpluko atarira, barruan aurkitutako gauza kutsatu guztiak. Gero, lebitarrek hartu eta Zedron errekara bota zituzten.
17 Lehen hilaren lehen egunean hasi zuten garbikuntza-lana eta zortzigarren egunean heldu ziren tenpluko atalondora. Hurrengo zortzi egunak ere Jaunaren etxearen garbikuntzak egiten eman zituzten. Lehen hilaren hamaseigarren egunean bukatu zuten lana.