14 Hemanen ondorengoetarik Jehiel eta Ximei; Jedutunen ondorengoetarik Xemaias eta Uziel.
15 Hauek, beren kidekoak bildu eta beren buruaren garbikuntza egin ondoren, Jaunaren etxearen garbikuntza egitera joan ziren, erregeak agindu eta Jaunak esan bezala.
16 Apaizek Jaunaren etxe barruaren garbikuntza egitera sartu eta kanpora atera zituzten, tenpluko atarira, barruan aurkitutako gauza kutsatu guztiak. Gero, lebitarrek hartu eta Zedron errekara bota zituzten.
17 Lehen hilaren lehen egunean hasi zuten garbikuntza-lana eta zortzigarren egunean heldu ziren tenpluko atalondora. Hurrengo zortzi egunak ere Jaunaren etxearen garbikuntzak egiten eman zituzten. Lehen hilaren hamaseigarren egunean bukatu zuten lana.
18 Apaizek, orduan, Ezekias erregeagana joan eta esan zioten: «Egin dugu Jaunaren etxe osoaren garbikuntza, baita erre-oparietarako aldarearena, eskainiriko ogien mahaiarena eta berauetako tresna guztiena ere.
19 Eta Akaz erregeak, bere erregealdiko maltzurkeriak zirela eta, baztertu zituen gauza guztiak ere atera ditugu, garbitu eta Jaunaren aldare aurrean ezarri».
20 Biharamunean goizean goiz, hiriko agintariak bildu eta Jaunaren etxera igo zen Ezekias erregea.