23 Ondoren, barkamena eskatzeko hil behar zituzten akerrak erregearen eta biltzarraren aurrera eramanik, denek eskuak luzatu zituzten haien gainera.
24 Gero, apaizek akerrak hil eta aldare gainera isuri zuten odola, Israel osoaren bekatuen barkamena eskatuz. Izan ere, erre-opari eta barkamen-opari haiek Israel osoaren alde eskaintzeko agindua zuen erregeak.
25 Honek, bestalde, Jaunaren etxean ezarri zituen lebitarrak beren txilin, harpa eta zitarekin, Davidek eta honen profeta Gadek eta Natan profetak agindua zuten eran. Agindu hura Jaunak berak emana zuen bere profeten bidez.
26 Lebitarrak, beraz, beren tokietan jarri ziren Davidek eginiko musika-tresnekin, eta apaizak turutekin.
27 Eta Ezekiasek aginduriko erre-oparia aldarean eskaintzen hasi ziren une berean hasi zuten haiek Jauna goresteko kantua ere, turutez eta Israelgo errege Davidek eginiko musika-tresnez lagundurik.
28 Erre-oparien eskaintza bukatu arte jardun zuten kantatzen eta turutak jotzen; bitartean biltzar osoa ahuspezturik egon zen.
29 Eta erre-oparia bukatzean, erregea eta beronekin ziren guztiak ahuspeztu egin ziren.