22 Orduan, Hulda profetesagana joan ziren Hilkias eta erregeak izendatutako besteak. Profetesa hura Jerusalemgo auzategi berrian bizi zen. Haren senar Xalum, Tokhaten seme eta Hasraren biloba, tenpluko jantzien arduraduna zen. Adierazi zioten arazoa Huldari,
23 eta honek erantzun zien:—Hau dio Jaunak: «Esaiozue bidali zaituztenari
24 hau diodala nik, Jaunak, Israelen Jainkoak: “Judako erregearen aurrean irakurri duten liburuko hitzek adierazitako madarikazio guztiak betez, hondamendia bidaliko dut toki honetara eta bertan bizi direnen gainera.
25 Baztertu nautelako, jainko arrotzei intsentsua erre dietelako eta idoloak eginez iraindu nautelako, sutu egin zait haserrea toki honen kontra eta ez zait itzaliko”.
26 Baina Jaunari kontsulta egitera bidali zaituzten Judako erregeari esaiozue hau diodala nik, Jaunak, Israelen Jainkoak, entzun dituzun hitzei buruz:
27 “Entzun duzu nik toki honetan bizi direnen kontra esan dudana. Horregatik, zure bihotza bigundu egin da eta apaldu egin zara nire aurrean. Nire aurrean apaldu zarelako, zeure jantziak urratu eta negar egin duzulako, nik ere entzun dizut. Hala diot nik, Jaunak.
28 Beraz, toki honetara bidaliko dudan hondamen hori ikusi baino lehen zeure arbasoengana bilduko zaitut, eta bakean ehortziko zaituzte zeure hilobian”».Hala, mandatariek erregeari eraman zioten erantzun hori.