30 Gero, erregea Jaunaren etxera igo zen, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiak berekin zituela: apaizak, lebitarrak eta jende guztia, handi nahiz txiki. Eta Jaunaren etxean aurkituriko itun-liburuak dioen guztia irakurri zien erregeak ahots handian.
31 Ondoren, oholtzaren gainean zutik, erregeak Jaunarekiko ituna berritu zuen: jarraituko ziotela Jaunari eta beteko zituztela bihotz-bihotzez eta gogo handiz haren agindu, burubide eta arauak, eta beteko zituztela liburu hartan idatziak zeuden itun-arau guztiak.
32 Jerusalemen zeuden guztiei, baita Benjamingoei ere, onarrarazi egin zien itun hura. Ordudanik, Jerusalemgo bizilagunek Jainkoarekin, beren arbasoen Jainkoarekin, egina zuten itunaren arabera jokatu zuten.
33 Ondoren, israeldarren lurraldean zeuden idolo higuingarri guztiak desagerrarazi zituen Josiasek, eta Israelen bizi zirenek Jauna, beren Jainkoa, gurtu zezaten ahalegindu zen. Josias bizi izan zen bitartean ez ziren urrundu Jaunarengandik, beren arbasoen Jainkoarengandik.