5 Sasiapaizen hezurrak, berriz, beraien aldareetan beretan errearazi zituen. Horrela egin zuen Juda eta Jerusalemen garbikuntza.
6 Eta Manases, Efraim, Simeon eta Neftalirainoko herrixketan eta inguruetako lurraldeetan ere
7 aldareak eta zutoin sakratuak bota, idoloak xehe-xehe egin eta intsentsua erretzeko aldareak desegin zituen, eta halaxe Israel lurralde osoan. Ondoren, Jerusalemera itzuli zen.
8 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean, lurraldearen eta tenpluaren garbikuntza egin ondoren, Atzaliasen seme Xafani, hiriko gobernari zen Maaseiasi eta Joakazen seme Joah idazkariari Jaunaren, bere Jainkoaren, etxea konpontzeko mandatua eman zien erregeak.
9 Hauek Hilkias apaiz nagusiagana joan eta Jainkoaren etxean bildutako dirua eman zioten. Diru hura Manases, Efraim eta Israelgo beste lurraldeetako jendeak, Juda, Benjamin osoko eta Jerusalemgo jendeak emana zen, eta atezain zeuden lebitarrek jasoa.
10 Jaunaren etxeko konponketen arduradunei eman zieten dirua; hauek, berriz, tenplua konpontzen eta berritzen ari ziren langileei.
11 Zurginei eta igeltseroei ere eman zieten, harlanduak eta zura eros zitzaten, habeak egiteko eta Judako erregeek hondatzen utzi zituzten eraikuntzen hormak eta habeak berritzeko.