15 Asafen ondorengo ziren kantariek beren lanean jardun zuten, Davidek, Asafek, Hemanek eta erregearen profeta zen Jedutunek agindutakoaren arabera. Atezainak ere beren tokietan egon ziren. Ez zuten beren zerbitzua utzi beharrik izan, beraien kideko ziren lebitarrek prestatu baitzieten haiei ere Pazko-afaria.
16 Horrelaxe eratu zen egun hartan Jaunaren zerbitzua Pazkoa ospatzeko eta Jaunaren aldarean erre-opariak eskaintzeko, Josias erregeak agindu bezala.
17 Egun hartan, han ziren israeldarrek Pazko-jaia ospatu zuten eta, gainera, Legamia gabeko Ogien Jaia zazpi egunez.
18 Ez zen Israelen halako Pazko-jairik inoiz ospatu izan Samuel profetaren egunez geroztik. Israelgo errege batek ere ez zuen ospatu izan Josiasek ospatu zuena bezalako Pazko-jairik, apaizak, lebitarrak, Juda eta Israel osoko eta Jerusalemgo bizilagunak bertan zirelarik.
19 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuen Josiasek Pazko-jai hura.
20 Honen guztiaren ondoren, Josiasek tenplua berriztatua zuelarik, Egiptoko Neko erregea Eufrates ibai ondoan zegoen Karkemix hiriari erasotzera etorri zen. Josiasek aurre egin zion,
21 baina Nekok mezulariak bidali zizkion esatera: «Ez dugu deus ere elkarren kontra, Judako errege. Ez nator zure kontra, gerra egiten ari zaidan beste errege-etxe baten kontra baizik. Bizkor ibiltzeko esan dit Jainkoak. Ez jarri zuk eragozpenik Jainkoari, neure alde baitut; bestela, hondatu egingo zaitu».