1 Brontzezko aldarea ere eginarazi zuen Salomonek; hamar metro zen luze-zabal eta bost metro gora.
2 Ondoren, brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribila eginarazi zuen; bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua.
3 Ertzaren azpialdean, inguru guztian, zezen-irudiak zituen, hogei zezen metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzaldi berean eginak.
4 Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira zeuden, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.
5 Uraskaren lodiera esku-arra betekoa zen. Ezpainak lili-kaliza bezalakoak ziren. Ehun eta hogei mila litro hartzen zuen uraskak.
6 Hamar ur-ontzi eginarazi zituen eta uraskaren ezker-eskuin ezarri, bost alde batean eta bost bestean; haietan garbitu ohi zuten erre-oparietarako guztia. Brontzezko uraska handia, berriz, apaizen garbikuntzetarako izaten zen.