3 Ertzaren azpialdean, inguru guztian, zezen-irudiak zituen, hogei zezen metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzaldi berean eginak.
4 Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira zeuden, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.
5 Uraskaren lodiera esku-arra betekoa zen. Ezpainak lili-kaliza bezalakoak ziren. Ehun eta hogei mila litro hartzen zuen uraskak.
6 Hamar ur-ontzi eginarazi zituen eta uraskaren ezker-eskuin ezarri, bost alde batean eta bost bestean; haietan garbitu ohi zuten erre-oparietarako guztia. Brontzezko uraska handia, berriz, apaizen garbikuntzetarako izaten zen.
7 Urrezko hamar argimutil ere egin zituen, agindutako ereduaren arabera, tenpluko sala handian ezartzeko, bost eskuinaldean eta beste bostak ezkerraldean.
8 Hamar mahai egin zituen eta sala handian ipini, bost eskuinaldean eta bost ezkerraldean. Urrezko ehun isipu-ontzi ere egin zituen.
9 Apaizen ataria eta beste atari handiagoa egin zituen, bere ate eta guzti; ateak brontzez jantzi zituen.